GARA > Idatzia > Kultura

Haitzuloetatik maindireetara...

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Robert Lepage. Otsailaren 17a, Quebec: «Antzerkiaren sorreraz hipotesi asko eta asko daude, baina niri gehien gustatzen zaidana elezahar itxura duen honako hau da. Gau batean, oso aspaldiko garai batean, gizon eta emakume talde bat haitzulo batean bilduta zegoen suaren inguruko berotasunean istorioak kontatuz. Gizon edota emakume bati zutitzea otu zitzaion kolpetik, bere itzala erabiliz kontakizuna irudiztatzeko. Su epelaren sugarrez baliaturik, haitzuloko harrizko hormetan errealitatean baino handiagoak ziren pertsonaiak agerrarazi zituen. Su inguruko lagunak, zeharo liluraturik, berehala ohartu ziren nor zen indartsua eta nor ahula, zapaltzailea eta zapaldua, jainkoa eta hilkorra. Gaur egun, proiektagailuaren argiak ordezkatu du jatorrizko sua, eta makineria eszenikoak haitzuloko harrizko horma. Eta puristei gustatzen ez bazaie ere, elezahar honek gogorarazten digu teknologia antzerkiaren jatorri-jatorrian dagoela eta ez dugula mehatxu bezala hartu behar, baizik eta bilkurako elementu bat bezala. Antzerkiaren biziraupena arte honek tresna berriak eta hizkuntza berriak hartuz bere burua behin eta berriz asmatzeko duen gaitasunean datza. Bestela, nola jarraituko du bere garaiko apustu handien lekuko izaten eta herrien ulermena bultzatzen, bere irekitasunaren froga bere baitan ez badu? Nola harrotuko da intolerantzia, bazterketa eta arrazakeriari irtenbideak eskaintzeaz, bere praktikan mestizajea eta integrazioa ez badu onartzen? Mundua bere osotasunean eta konplexutasunean irudikatu ahal izateko, artistak forma eta ideia berriak proposatu behar ditu eta ikuslearen adimenenean konfiantza izan. Ikusle hau betibiziko argi eta itzal jolas horren barruko gizatasunaren silueta bereizteko gai baita. Eta egia da baita ere suarekin hainbeste jolasteagatik erretzeko arriskua izaten duela artistak, baina baita, liluratzeko eta argitzeko gaitasuna ere».

Quebecen idatzitako elezahar eder hau Euskal Herrira ere iritsi zitzaigun atzo, martxoaren 27an, eta Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin batera, urteroko Donostiako Antzerki Saria banatu zuten Antzoki Zaharrean. Joan den urteko irabazle izan zen «Artea» antzezlanak, «Emakumeak izarapean» antzezlanari eman dio txanda, haitzuloetaik maindire artera jauzi eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo