GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hogeita hamarrengoz, Baigorri dantzan jarriko du bihar Nafarroaren Egunak

Basaizea elkartearen eskutik antolaturiko kultur hamabostaldiari amaiera emanen dio bi- har 30. Nafarroaren Egunak. Nafarroa Behereko eta Garaiko herritar askorentzat, hitzordu saihestezina bilakatu da ospakizun hau, apirilaren azkeneko igandean.

p018_f02.jpg

A.M. |

Kultura, euskara, eta gizarteko arazoak edo Euskal Herriak bizi duen auzia gai hartuta, ekimen, hitzaldi eta ikuskizun ugari eskaini ostean, bihar biribilduko da Basaizea elkarteak urtero antolatzen duen hamabostaldia.

Nafarroaren Egunak, gainera, hogeita hamar urte beteko ditu biharko egunean. Nafarroa Behereko eta Garaiko harremanak estutzeko, eta kultura eta hizkuntza bereko herri bat osatzen zutela aldarrikatzeko sortutako topaketa egunak bide oso luzea egin du geroztik eta, gaur da eguna, nafarrentzat ez ezik, beste euskal herritar askorentzat ere, urteroko hitzordu saihestezina bilakatu dena.

Basaizea elkarteko kideentzat, hiru hamarkada hauetako bilakabidea halako bilana egiteko parada izan da. Beraien esanetan, «gauzak azkarki aldatu dira, bereziki euskal alorrean, urrats sendoak egin baitira». Alta, oraindik orain, «lan handia geratzen» dela nabarmendu dute, 30. urteurren honetan.

Hizkuntzan, «kontzientzia hartzea areagotu bada ere, erabilpenak gibelerat» egin du, eta ofizialtasuna ez da oraindik lortu, antolatzaileek azaldu dutenez. Kultura «soilik alde artistiko edo sortzailetik» hartzen da askotan, beraien iritziz, «gure eguneroko baloreen ikuspegitik era parte hartzailean bizitzan txertatu beharreko kontzeptua» denean.

Urte hauetan guztietan, «politika mailan, abertzaleen borrokak funtsezkoak bihurtu diren arren, frantses eta espainol botereen erasoa» presente dagoela adierazi dute, eta azken hilabeteetan izandako atxilotze eta presondegiratzeak aipatu dituzten horren lekuko

Egitaraua

Alor horietatik eratorritako gai asko jorratu dituzte biharko egunak bukatuko duen hamabostaldian. Horren atariko, halere, gaur 21.00etatik goiti, elizan, Oskorrik eta Berriozarreko bandak (50 musikalari guztira) kontzertua eskainiko dute.

Biharkoari dagokionez, goizeko hamaiketan hasiko da jai giroa, gaiteroei esker. Ohiturari jarraiki, eguerdian, meza amaitu bezain laster, eliza ondoko plazan ekitaldi nagusia izango da, dantza jauziak, Karmeleren irrintziak eta Basaizearen ordezkarien hitz hartzearekin.

Donibane Garaziko eta Ortzaizeko ikastolek prestatutako bazkariaren ostean, xiba jokoak egingo dira beste plazan eta ondoren, Arrola eta Iruna dantza taldearen eta Amaren Alaben lanaz gozatzerik izango da Larrain dantzari ekin aitzin. Xokoan, berriz, hainbat musika talde arituko da 16.00etatik aurrera. Giroa, bistan denez, ez da faltako egun osoan zehar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo