Mozorrotuta aurre egingo diote Lazkaon jaien bigarren egunari
Atzo hasi ziren Lazkaon sanprudentzioak ospatzen. Ostegunera arte iraungo du ekitaldiz beterik datorren jai-egitarauak, bai behintzat indarrak gorde eta sasoitsu iristen direnentzat.GARA |
Atzo abiatu zituzten lazkaotarrek aurtengo sanprudentzioak, eta egutegian hilabetea aldatu bitartean, izango dute ederki gozatzeko aukerarik Goierriko herrian.
Ekitaldiz beteriko eguna dute gaurkoa. Goizean goiz jubilatuen ibilaldi neurtua egingo da eta eguerdian berriz, etxeko txikientzat Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia antolatu dute.
Mozorrotzea gustuko dutenek ere gaur izango dute hitzordu nagusia, mozorroen eguna baita. Iluntzeko zortzietan elkartuko dira eta mozorro eta guzti Batucando No Ar taldearekin herriko kaleetan zehar ibiliko dira. Gauean, berriz, Egan taldearen eskutik etorriko da musika, baina herritarren eta bisitarien kargu joango da parrandan ibiltzeko eta ondo pasatzeko gogoa. Bakoitzaren aukeran dago, baina jaiak bere osotasunean bizi nahi dituenak indarrak gordetzea beste erremediorik ez du izango, luze joko baitute.
Bihar ere goiztiar etorriko da jaia. Txirrindulari probak abiatuko du eguna. Jada ondo errotua dagoen ekitaldia da hau, izan ere, bihar egingo dena 65. Txirridulari proba baita. Kirolariak lanean jardun bitartean, plazan izango da ikusmira, artisau ugarik erakutsiko baitituzte han beren lanak. Arratsaldean, haurrek har- tuko dute jaiaren testigua, danborra eta makila eskuan hartuta; eta gauean, berriz, Golden Apple Quartet taldearen eskutik izango da ikuskizuna.
Egun handia
Astelehenean, jaien egun handia ospatuko dute, San Prudentzio eguna. Egun osorako ekitaldi ugari daude antolatuta, bai- na bereziki nabarmentzekoak dira goizeko hamar eta erdietatik aurrera San Prudentzio ermitara egingo den prozesioa, edota arratsaldean egingo den herri kirol erakustaldia. Azken horretan izango dira harria jasotzen Perurena aita-semeak. Gainera, Urrezkoa Aizkorako goi mailako kanporaketa saioa ere izango da. Gauean, berriz, gaz-teen artean arrakasta itzela duten Abiba DiskoJaia izango da.
Asteartean, haurrentzako jaiaren txanda, eta ondoren, asteazkena, zalantzarik gabe, askorentzat hitzordu nagusia. Hilaren 30ean koadrilen eguna ospatuko dute, eta goizean goizetik hasiko da egitarau oparoa.
Lazkaoko eta Lazkaomendiko gazteen arteko herri kirolen lehiarekin hasiko dute eguna eguerdian. Dantzarako gogorik galdu ez dutenek Incansables fanfarrearekin kalejira egiteko aukera izango dute, baina ahul antzera daudenak, egon daitezela lasai, arratsaldean ere fanfarrearekin saltoka aritzeko aukera izango baita.
Gauean iritsiko zaie lazkaotarrei aurtengo sanprudentzioetako ekitaldirik indartsuenetarikoa, Kaotiko eta Bon Scott Band taldeen kontzertua.
Ostegunean, maiatzaren 1ean, bukatuko dira jaiak, besteak beste, XX. Bakailo lehiaketa eta Garibaldi mariatxien ostean, datorren urtera arte agur esan beharko diete lazkaotarrek jaiei.
Kirol zaletasuna dutenek aukera ugari dituzte. Bihar txirrindulari proba eta etzi, berriz, herri kirol erakustaldia. Bertan izango dira, besteren artean, Perurena aita-semeak.
Egunero izango dira musika ikuskizunak, baina jaietako ekitaldi entzutetsuena asteazkenean izango da. Kaotiko eta Bon Scott Band taldeek eskainiko dute kontzertua 23.30etik aurrera.