GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA | Rock

Primerako kontzertua ematera iritsi ez zen Nick Cave

p057_f01_92x116.jpg

Anartz BILBAO

Hogeita hamar urteko ibilbide oparoa bete behar izan du Nick Cavek lehenengoz Euskal Herrira etortzeko. Herenegun, lankide on bat bat-batean galdu, eta biharamunean heldu zitzaigun gaua. Berezia zen lagunaren hutsuneak markatutako gaua.

Asko ginen Eibarretik bueltan Gaska kiroldegian bildutakoak, eta asko, horren gustuko zuen australiarraren partez, oholtza gainean Josetxo ikusi genuenak, «Hold on to yourself» zoragarri horretan «I´m so far away from you...» kantatzen.

Aretoa ez zen bete, baina bertan ziren inguruko musika egile, kazetari eta musikazale gartsu gehienak, baita arima birjinaren bat edo beste ere. Gutxi ziren oro har, Caven kantagintza ezagutzen ez zutenak, itzal handiko kultuzko artista baita Cave, musikazaleen irrika pizten dutenetarikoa.

Ohi duenez, zurrun irten zen Cave agertokira, alkandora eta jaka ilunez, suntsipen handiko arma den Bad Seeds taldearen laguntzapean. Ezker-eskuin, hasieratik kristauarekin diharduen Mick Harvey leiala, eta teilatutik jaitsi zen biolin jolea, Warren Ellis harrigarria; biolina, jostailuzko gitarra zein etxean egindako musika tresna jotzeko eta taldearen soinuan eragiteko gai den musikaria. Bigarren lerroan, teklatu jotzailea; ondoan, taldea soka laburrean lotuz, baxu jolea. Bateria bien artean ezkutuan.

Gehienok beldur ginen arren, soinua ez zen espero genuen bezain zakarra izan, oro har, egoki entzun genuen kontzertua, nahiz eta aretoak hain banda handiaren soinu txinpartak eragotzi.

«Dig!!! Lazarus, Dig!!!» zen taldeak aurkeztu beharreko lan energikoa, eta lan horretakoak zuzenekoaren oinarria bete zuten kantuak, frontmanak grina handiz abestuak.

Bira hasi berri du taldeak eta kostatu egin zitzaion bizitasuna hartu eta giroa berotzea -zaleak hotzegi, aurrekoak izan ezik-. Azkenaldian gipuzkoar moustache ederra (bai, Errealak bi ligak irabazi ondoren bogan jarri eta oraindik dirauena) ageri duen australiarrak «Dig!!! Lazarus, Dig!!!» jo, eta momentu ederra lortu zuen zuzenekoaren erdialdetik aurrera, «The Ship Song» kantuarekin nabigatzen hasi eta «More news from nowhere» kantuarekin bukatu, tartean «Midnight Man», «Red Right Hand» eta «Deanna» kantu eder eta indartsuak ere jo zituen.

Ia ohartu ere egin gabe, eta jada bisetan ginen. Alkandora erantzita, Grindermanen elastikoz jantzita, «The Lyre of Orpheus» kantuarekin zaleekiko hurbiltasun handiagoa agertu zuen Cavek, eta jendeari parte har zezala eskatu zion. Pasarte bortitzik ere izan genuen tarteka, «Straight to you» kostata jo zuen, kantua bizpahiru aldiz hasita. Jendearen orroek bere idar guztian agerrarazi zuten berriro. Bigarren bisetan, «We call upon the autor», rap estiloan eskerrak eman, eta azkena: «Wanted man».

Egun gogorrak, luzeak oso Nick Caven bisitak itxi zituenak. Zirrara asko, gehiegi, aurretik bizitakoak eta bertan bizi nahi genituenak. Saiatu zen australiarra barrenak husten, baina guztiz lortu ez zuelako gorputzaldiaz utzi gintuen. Akelarre bateko kide izatea espero genuen. Gehiegi, agian.

Fitxa

Taldeak:

Nick Cave & The Bad Seeds + The Lurid Yellow Mist.

Data: 08-04-24.

Lekua: Gaska kiroldegia (Donostia).

Ordua: 20.30ean.

Sarrera: 37 euro.

Ikusleak: 2.500 inguru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo