GARA > Idatzia > Eibar

Jarraipenaren bila

Denboraldi osoko joera alderantziz jartzeko prest

Ipuruan azken partida galdu arren, Eibarrek Kordobako garaipenarekin irekitako bidetik jarraitu nahi du

p046_f01_111x111.jpg

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Diskurtsoa aldatu behar izan dute Eibarko entrenatzaileak eta jokalariek -baita kazetariok ere- azken aste hauetan. Denboraldi osoan zehar Ipuruan sekulako indarra erakutsi, eta etxetik kanpoko partidetan sufritzera ohitu ondoren, azken bi jardunaldietan gorri-urdinek buelta eman diote egoerari, Kordoban irabaziz eta etxean Castellóren aurka galduz.

Denboraldi osoko joera horren alderantzizkoa egiteko prest omen daude eibartarrak; batez ere, kontuan hartuta bi neurketa dituztela segidan etxez kanpo jokatzeko. Etxeko bolada ona kanpoko partidetara aldatuz gero, Ipuruara itzuli orduko maila ziurtatuta izango dute -matematikak dio-. «Berdin du puntuak non lortu -onartu zuen Asier Goiriak Alacantera joan aurretik-, axola zaigun bakarra lortzea baita».

Gauzak, zoritxarrez, ez omen dira hain errazak. Armaginen azken bidaia arrakastatsua izan zen arren, Ipuruatik kanpo irudi kaxkarra eskaini eta emaitza pobreak lortu ohi dituzte. Gehien kosta zaiena, gainera, golak sartzea izan da, eta hor egon daiteke Rico Perezeko partidaren gakoa, Hércules oso talde golegilea izanda, beharrezkoa izango baita Unai Albaren atea zulatzea.

Hala ere, eibartarren lehen ardura, beraien entrenatzailearen esanetan, defentsan indarrez aritzea izango da, «Kordoban egin genuen bezala». Horregatik, Javier Mandiolak partida hartan erabilitako bost gizonen defentsa berreskuratuko du, Javi Gurrutxaga hasierako hamaikakora itzularaziz.

Ez da izango nobedade bakarra, hainbat jokalari lesioek jota etxean geratu direnez, horrenbeste ordezkari bilatu behar izan baitu Manixek. Ipuruan zuzendutako azken entrenamendu saioari jarraituz, Gurrutxaga, Manel, Codina eta Yagüe zelairatuko ditu entrenatzaileak, Raul Garcia, Natxo Insa, Altuna eta Del Olmoren ordez.

Berriztutako talde horrekin, Manixek «irudi ona eta emaitza positibo bat» lortu nahi du. «Batez ere bigarrena», gehitu zuen. Izan ere, entrenatzailearen ustez, mailan jarraitzea eskura dagoen arren, «helburua betetzeko zaila da oraindik, talde guztiek daukatelako helbururen bat jokoan. Oso garrantzitsua izango litzateke bi bidai hauetan zer edo zer lortzea, amaiera arte lasai jarraitzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo