GARA > Idatzia > Kirolak

Bat formula | Espainiako Sari Nagusia

Ferrari segundo erdiko aldeaz da nagusi Montmelóko entrenamendu libreetan

p048_f02_097x096.jpg

GARA | MONTMELÓ

Gaurko entrenamendu ofizialetako emaitzak ikusteke daude, eta ez da erraza bihar Espainiako Sari Nagusiko lasterketan zer gertatuko den jakitea. Nolanahi ere, Ferrarik Montmelóko zirkuitoan zeresanik emango duela argi dago.

Atzo jokaturiko entrenamendu libreetan, Raikkönenek eta Massak ezarritako denborak izan ziren onenak, gainera, segundo erdiko aldea aterata, hirugarren geratu zen McLaren taldeko Lewis Hamiltoni.

Izan ere, McLarenek Ferrarik ezarritako erritmoa jarraitzerik ez zuen izan atzokoan. Italiarrak minutu eta 21 segundoz azpitik ibili ziren bitartean, muga hori gainditu ezinik geratu ziren «zilarrrezko balak».

Hamilton hirugarren sailkatu zen, eta Kovalainen, aldiz, bosgarren denbora onenaz konformatu behar, BMWko Robert Kubica sailkatu baitzen tartean.

Renaulten gorakada

Bestalde, aurreneko hiru lasterketetan oso maila eskasa erakutsi ondoren, aipatzekoa da Renault autoek izan duten gorakada nabarmena.

Itxura denez, R28ari egindako hobekuntzek fruiturik eman zuten atzo. Goizeko entrenamenduan «Nelsinho» Pequet eta Fernando Alonso bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren. Arratsaldean, berriz, ez zuten hain puntako emaitzarik izan, asturiarrak seigarren eta brasildarrak zazpigarren postuan amaitu zuten-eta. Aipagarria da, dena den, BMW, McLaren, eta Sauberren segundo bera ezarri zutela, minutu eta 21 segundo, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo