KRONIKA | Mobilizazio eguna
«Errudun gara eta harro gaude!»
Amnistiaren aldeko mugimenduak babes zabala jaso zuen atzo, milaka lagunek auzipetuekin bat egin eta haiek bezala «errudunak» direla aitortu baitzuten, harro, aitortu ere. Elkartasunez eta salaketarako argudioez armaturik daudela onartu zuten jendaurrean, eta amnistia eta askatasuna eskuratu arte «errudun izaten» jarraituko dutela berretsi zuten.
Oihana LLORENTE
Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurka astelehenean Madrilen abiarazitako epaiketak salaketa ozena jaso zuen atzo gurean, «Euskal Herriak askatasuna behar du!» leloa lagun hartuta, herriz herri makina mobilizazio egin zen-eta.
Salbuespenezko tribunalak epaitu eta kondenatu nahi duena, amnistiaren aldeko mugimenduaren jarduna dela salatu zuten mobilizazio egunaren harira; eta lan hori, gainera, errepresioaren aurkako salaketan eta preso, errefuxiatu nahiz euren senitartekoekiko laguntza eta elkartasunean oinarritzen dela berretsi zuten.
«Estatu espainol eta frantsesaren izaera ez demokratikoa biluzten duten testiguak» direla esan, eta «lan politiko hori egitearren» zigortuak izango direla adierazi zuten. Haatik, epaiketak ere xede politikoak dituela adierazi zuten. Estatuen «indarkeriaren eta errepresioaren» testigantza ezabatzea, errepresaliatu eta senideak babesik gabe uztea, eta inpunitatea areagotzea jo zituzten epaiketaren helburutzat.
Herriz herri bildutako manifestarien aurrean egindako delitua zein ote den itaundu zuten mugimenduko kideek. Erantzun gisa, gainera, dispertsioa, tortura edota errepresioa salatzea delitua ez dela aldarrikatu zuten, eta «benetako delitua», presoen kolektiboaren aurka muturreko neurriak ezartzea, torturatzea edota eskubide demokratikoak urratzea direla adierazi zuten.
Aitzitik, preso, iheslari eta euren senitartekoei, laguntzea eta elkartasuna eskaintzea edota tortura, errepresioa eta dispertsioa salatzea delitutzat joz gero, denek aho batez onartu zuten «errudun» direla. Amnistia eta askatasuna lortu arte, gainera, etorkizunean ere, «errudun izaten» jarraituko dutela berretsi zuten; eta horretaz «harro» daudela gaineratu zuten.
Mobilizazio andana
Goizean goizetik, ikasle eta langileek hartu zuten protestaren lekukoa, eta Donostiako Bulebarrean bezala, ikastetxe eta lantegi ugarik ekimenak egin zituzten auzipetuei elkartasuna helarazteko. Arrasateko Fagorreko 150 langileek, adibidez, kontzentrazioa egin zuten; bertako eta Eskoriatzako unibertsitateetako ikasleek ere elkarretaratzea egin zuten. Donostiako Easo politeknikoan, Eibarko institutuan edota Goierriko eskola anitzetan paroak egin zituzten ikasleek. Elkarretaratzeak ere antolatu ziren ikastetxeetan, esate baterako: Urretxun 50 lagun bilduz; Goierrin 80; Eibarren 45; Deban 17; Azpeitian 40; Algortan 120, eta Laudion 80.
Hernaniko institutuko eta Elizatxo ikastolako 70 gaztek Juan Mari Olanoren hitzaldian parte hartu zuten, gaztetxean. Horren ostean, manifestazioa egiten ahalegindu baziren ere, Ertzaintza oldartu egin zitzaien.
Iluntzean, aldiz, hileko azken ostirala izanik, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak eta amnistiaren aldeko mugimenduak deitutako mobilizazioek bat egin zuten gurean. Lapurdin, adibidez, mobilizazio ugari egin zuten, hala nola Donibane Lohizunen 52; Uztaritzen 41; Baionan 82; Bidarten 13; Angelun 11; Senperen 15 eta Hendaian 45. Donibane Garazin ere 50 elkarretaratu ziren.
Bizkaialdean ere hainbat lagun bildu zen: Berrizen 35; Arratian 55; Lemoizen 10; Mundakan 23; Ugaon 40; Gernikan 120; Muskizen 14; Ortuellan 23; Berangon 27; Sestaon 45; Basaurin 100; Lekeition 160; Durangon 140; Sondikan 11; Bilbon 850; Aulestin 92, Arrigorriagan 50; Trapagaranen 27; Ean 51; Ajangizen 35, Iurretan 45; Atxondon 25; Elorrion 150; Orduñan 54; Otxandion 40; Leioan 65; Algortan 250; Barakaldon 152; Larrabetzun 78; Ondarroan 192; Zaldibarren 32; Urdulizen 13; Sopelan 50; Lezaman 30; Portugaleten 100; Galdakaon 115; Atxondon 25; Abadiñon 36, eta Zallan 40. Erromon aldiz, 55 lagun bildu ziren, eta bidea moztu, bengalak bota eta pankarta erraldoi bat zintzilikatu zuten.
Gipuzkoan ere mobilizazioak egin zituzten atzo: Pasai Donibanen 50; Antzuolan 25; Alegian 20; Anoetan 23; Orion 44; Mutrikun 80; Zaldibian 55; Azpetian 68; Elgetan 20; Irunen 85; Getarian 30; Deban 55; Soraluzen 80; Usurbilen 88; Lizartzan 58; Urnietan 26; Lezon 33; Lazkaon 115; Elgoibarren 50; Azkoitian 90; Donostian 430; Bergaran 120; Lasarten 71; Astigarragan 20; Ordizian 90; Ibarran 80; Amezketan 30; Aretxabaletan 70; Arrasaten 275; Eibarren 95; Billabonan 70; Ikaztegietan 15; Andoainen 45; Zumarragan 70; Oñatin 200; Ataunen 30; Beasainen 60; Legorretan 24, eta Idiazabalen 20.
Nafarrak ere kalera atera ziren atzo, amnistiaren aldeko mugimenduari babesa eskainiz. Iruñean 258; Lizarran 90; Agoitzen 45; Irurtzunen 30; Lesakan 51; Tafallan 48; Elizondon 33; Beran 18; Garesen 30 eta Irunberrin 25.
Arabako Araian 22 bildu ziren; Gasteizen 700; Laudion 130; Aramaion 20; eta Murgian 12.