GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

«Puer pueri lupus»

Gizartetik eredu biak jasotzen ditu gazteak. Alde batetik, aho txikiaz esaten zaio bortizkeria arbuiagarria dela. Bestetik, bortizkeria nozitzen du bere baitan, amorrua, gorrotoa. Eta inork ez dio azaltzen nondik sortzen zaion, zergatik, zelan baretu

Albiste bereziki lazgarriak izaten dira haurrak eta bortizkeria lotzen dituztenak. Adingabekoekin indarkeria gehiegizkoa erabiltzen denean (noiz da gehiegi, noiz onargarri?), zerbait mugitzen zaigu barrenean. Babes gabe dakuskigu haurrak, maltzurkeriaren xede errazak, fisikoki eta psikologikoki zaurgarriak eta, bihurriak izan badaitezke ere, funtsean erru bakoak; pentsatzen dugu haurrak onak direla izatez eta gaiztakeria helduaroarekin datorkiela, gaiztakeria adin kontua balitz bezala.

Horrexegatik egiten zaigu egiatan latza jakitea nola bahitu, bortxatu, erail eta desagerrarazi ditzazketen umeak baino ez direnak, Madelein McCain, Mari Luz Cortés, Elisabeth Fritzl edo honen zazpi seme-alabak, kasu.

Gizarte modernoa, mendebaldekoa eta garaikidea asaldatu egiten da haurtzaroaren aurka burutzen diren makurkeriekin, baina sentipen hau ez dago errotuta, ez geografikoki, ez historikoki, eta horrexegatik ezarri dira arau babesleak XX. mendean zehar, haurren abarorako.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu aurretik (Paris, 1948), NBEk 1924an sinatu zituen Haurraren Eskubideak, oinarrizko bost eskubide onartzen zituela. 1959an, berriz, Haurraren Eskubideen Deklarazioa sinatu zuten estatu guztiek, hamar eskubide aitortzen zituztela; eta, eskubide horietan oinarriturik, 54 artikulu garatu zituen Haurraren Eskubideen Konbentzioak 1989an. Legeriari dagokiola ahalegin handia egin izan da haurra babesteko.

Arazoa, ordea, ez dago paperean. Kontua da zein den bortizkeriaren jatorria; gizakiaren berezko ezaugarria den ala helduaroari eransten zaion zerbait. Hobbes-Rousseau dikotomia betierekoa alegia. Hobbesek zioena, 2.200 urte lehenago esan zuen Plautok: «Lupus est homo homini, non homo, quom qualis sit non novit», hau da, «gizona gizonarekiko otsoa da, eta ez gizona, hurkoa ezagutzen ez duenean».

Hobbes eta Plauto zuzen bazeuden, haurra ez da erru bakoa. Izatez badu gaiztakeria barnean eta atera ateratzen du unean-unean.

Egunero ikusten dugu gazteek indarkeria sorrarazten dutela: edozein gazte umilek erail ditzake ikaskideak fusil batekin institutuan; hiru ikasletatik bat beldurrak jota joaten ei da eskolara jasaten duen tratu txarragatik eta, azken aldian, gero eta gehiago dira seme-alaben beldur bizi diren gurasoak, txarto erantzuteaz gain, batzuetan jo egiten dituztelako.

«Puer pueri lupus». Rosario Ortega adituak dio haur/gazte erasotzaileak pentsaera makiabelikoa duela. Jakin badakiela portaera ez dela onargarria eta ezkutuan erasotzen dio bere biktimari, korridoreetan, jantokian, irakaslerik ez dagoenean.

Gizartetik eredu biak jasotzen ditu gazteak. Alde batetik, aho txikiaz esaten zaio bortizkeria arbuiagarria dela. Bestetik, bortizkeria nozitzen du bere baitan, amorrua, gorrotoa. Eta inork ez dio azaltzen nondik sortzen zaion, zergatik, zelan baretu. Hitzez deitoratzen dugu bortizkeria baina, izatez, saihestezina dela uste dugu, garena garelako: lupus.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo