GARA > Idatzia > Mendia

Anbotoko 1. Kilometro Bertikala

Mendizaletasunaren ikuskizuna Kilometro Bertikalaren eskutik

GARAk babestuta, mendi lasterketen mota hau ekarriko du lehenengoz Euskal Herrira Brinean Elkarteak ekainaren zortzian

p046_f01_888x888.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | ATXONDO

Gezurra ematen du, Euskal Herrian zenbaterainoko ohitura eta zaletasuna dagoen kontuan izanik, mendiaren inguruko proba ezagunen bat egotea oraindik. Hori ikusita, Brinean Mendi Lasterketa Elkarteak ekainaren zortzirako, Anbotoko Kilometro Bertikala probaren lehen edizioa antolatu du.

Mendiko lasterketa mota hau lehenengoz egingo da Euskal Herrian, GARAk babestuta, Brinean Elkarteko Igor Lopezek atzo Atxondon egindako aurkezpenean azaldu zuenez. «Mendi lasterketen mundua asko zabaldu da azkenaldian, eta Euskal Herrian horren adibide ezin hobeak dauzkagu; baina mota honetakoak ez dira orain arte hona heldu, Europan gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren arren», esan zuen.

Zertan datza Kilometro Bertikal delako proba hau? Mendiaren oin eta tontorraren arteko ibilbide zuzenena, ahalik eta denborarik laburrenean gainditzea, lasterketa laburrak eta oso ikusgarriak sortuz. Anbotoko 1. Kilometro Bertikalari dagokionez, Arrazola eta Anboto arteko 3,8 kilometroak egin beharko dituzte parte-hartzaileek, 1.092 metroko pendiz positiboa gaindituz. Hori guztia, azkarrenek behintzat, 40 bat minutuan egingo dute, Gaizka Itza Mendi Lasterketa Selekzioaren arduradunak egindako markari jarraituz. «Egia esan -aitortu zuen Itzak berak-, ibilbide zertxobait motzagoan lortu nuen denbora hori, baina ziur nago inork ibilbide honetan berdindu edota hobetu egingo duela».

Goi mailako parte-hartzea

Hori espero dute antolatzaileek, batez ere, kontuan izanik zer-nolako parte-hartzea izango den. «Gizonezkoen artean, iazko Munduko Kopan lehenengo hamabien artean sailkatu zirenetik bostek eman dute izena -azaldu zuen Igor Lopezek-, eta emakumezkoei dagokienez, lehen hamabien arteko lau etorriko dira». Modalitate honen izarrak, izan ere: Raul Garcia eta Corine Favre munduko txapeldun ordeak, adibidez. Baita selekzioa ere, Zuhaitz Ezpeleta edota Alizia Romerorekin, besteak beste.

Guztira, 150 parte-hartzaile izango dira gehienez, «masifikaziorik nahi ez dugulako eta, antolakuntzaren aldetik, lehen urtea izanik, hortik gora gehiegizkoa izan daitekeela uste dugulako». Oraingoz, ehun inguruk eman dute izena; parte hartu nahi duenak hobe izango du, beraz, epearen azken egunera arte -maiatzak 30-, ez itxaron. «Ezuste txiki bat» izan dute antolatzaileek horri dagokionez, «maila batetik gorako jendeak interes handia izan baitu hasiera batetik, baina gorengo maila horretara heltzen ez direnen artean interesa, oraingoz, ez da hainbesterainokoa izan. Ez dakigu zergatik -aitortu zuen Igor Lopezek-, baina zale guztiak animatu nahi ditugu».

Ez korrikalari moduan parte-hartzera bakarrik, ikusle gisa ere bertan izateko gonbitea luzatu dute. «Merezi duela uste dugu. Alde batetik, lehenengoz antolatuko da Euskal Herrian. Bestetik, oso lasterketa mota ikusgarria da. Gainera, aski ezaguna den inguru ezin ederragoan izango da. Proba bereziki ikusgarria izan daitekeela uste dugu. Askotan lasterketa hauek eski pistetan egiten dira, belar aldapa garbietan, baina oraingoan desberdina izango da: pista hasiera, gero basoa, gero bidetxo bat... Teknikoki badauka zailtasun berezi bat».

Eguna «jai giroan ospatzea» espero du David Cobos Atxondoko Alkateak. «Alde batetik, neu ere desiratzen nago lasterketa ikusteko, neuk jaitsiz ere ez bainuke egingo ibilbide hori 40 minutuan. Baina, horretaz gain, jai eguna izatea nahi dugu; azken finean, betiko moduan, mendizaletasuna eta lagunekin egotea bateratu egingo dugu».

Argi geratu zen jai giro horretan parte-hartuko duela Mendi Federazioko ordezkari Antxon Bandres, ekimen honi harrera zinez positiboa egin baitzion. «Oso urrats polita da, maila handiko jendea etorriko dela uste dut -esan zuen-.Ziur nago, antolakuntza aldetik ondo moldatzen badira, etorkizun ezin hobea izango duela proba honek, Zegamakoarekin gertatu den bezala».

Ekainaren zortzian egitekoa den Kilometro Bertikal honek, GARAren babesa izango du, Eneritz Gurrutxagak azaldu zuenez, «Euskal Herriko erronkei aurre egin nahi dien komunikabidea baita GARA. Ekimen hau hor dagoela pentsatzen dugu, kirol proba berri eta ikusgarria izango delako eta, gainera, Euskal Herriko txokorik ederrenetarikoak erakusteko aukera ere eskainiko duelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo