GARA > Idatzia > Musika

Indioilarra baino harroago

Juliette & Licks

Frontwoman iparramerikarra Iggy Pop maisuaren paperean sartuta dabil bere azken antzezle paperean. «Four on the floor» da taldearen bigarren lan luzea.

A. B. | BILBO

Antzezle lanak zokoratu eta grina handiko rock & roll festa bizi du egun Juliette Lewis zoroak. Orain hiru urte ikusi genuen gurean estreinakoz Juliette Lewis pantailetatik kanpo Azkena Rock jaialdian, berak miresten duen Iggy Pop Detroiteko Iguana-ren papera antzezten, eta iaz azkenengoz, artista estatubatuarra hurbiletik ikusteko irrikak Kafe Antzokia gainezka jarri zuenean.

2003an laukotea sortu eta ep baten ostean, «Your´re Speaking My Language» lanarekin egin zuen debut luzea 2005ean. Artean hastapenetan zen taldea eta zuzenerako grina eta jarrera zuen balio nagusia. Ekin eta ekin, orain aurkezgai duten «Four on the Floor» plazaratu zuen gero, aurrekoa baino askoz sendoagoa.

Laukoteak aldaketa bat izan du orain gutxi, Kemble Walters bateria-jotzaileak taldea utzi ostean. Todd Morse, Ed Davis eta Jason Womack dira orain indioarena egitea maite duen Julietten laguntzaile taldean.

Estatubatuarrekin batera Ya Te Digo laukote bilbotarrak joko du. Hamar urte daramatzate errepidean eta «Trash Tango» (Liliput Records, 2008) da aurkeztuko duten lan berria.

Bihar ere rock festa ederra izango dute areto berean, aspaldiko The Romantics, Paul Collins Beat eta Erik Balkey-rekin batera.

Fitxa

Data: Gaur, maiatzak 8.

Lekua: RockStar Live (Barakaldo).

Ordua: 21.00etan.

Sarrera: 24/27 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo