GARA > Idatzia > Musika

Franco Battiato italiarrak Donostian kantatuko du igandean

A. B. | BILBO

Ahotsez erromantiko eta espirituz aurrerakoi, Franco Battiatok laugarren hamarkada du musikagintzan eta frantsesez, alemanez, gaztelaniaz zein italiarrez kantatu du.

1945ean Catanian (Sizilia) jaioa, musikaz aparte margolari eta zinema zuzendari ere bada eta oso eklektikoa da musikari dagokionez: doinu arinak, rock progresiboa, pop musika zein musika esperimentalak jorratu ditu, baita musika klasikoa eta opera ere.

Italiarrak Eurovision lehiaketan parte hartu zuen 1984an Alice-kin batera «I treni di Tozeur» kantarekin. 1994tik Manlio Sgalambro filosofoarekin ari da elkarlanean eta pentsalari handien eragina du bere kantuetan, Emil Cioran eta Friedrich Nietzsche kasu.

Egun hirurogeita hiru urte dituen artistak 80ko hamarkadan lortu zuen osperik handiena. Debuta 1971n egin zuen «La Convenzione» diskoarekin eta, nekaezin, iaz plazaratutako «Il vuoto» du azkena. Tartean, lehen aipatu dugun bezala, lau opera lan ekoitzi ditu, tartean 1994ko «Il Cavaliere dell'Intelletto» eta zinemarako hiru fim zuzendu, azkena iaz, «Niente è come sembra».

Igandean, maiatzak 11, Donostiako Kursaalen joko du (20.00etan, 36 euro). Bertan, egitasmo berezia agertuko du, bi rock talderekin batera. Bata, mutilez osatutako FSC, eta bestea, lau neskak osatutako MAB.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo