Eskubide intelektualak eskuin-ezker
Musikarien munduan ere kreatibitatea partitzeko edo ez partitzeko eztabaida puri-purian dago. Copyright eta copyleft, hitz arrotzak, gero eta maizago aditzen dira. Edo jabego intelektuala eta horrek sortzen dituen etekin ekonomikoak kudeatzen dituzten gestio erakundeen papera (SGAE hegoaldean eta SACEM iparraldean).
Blanca IZKUE Musikagintzako langilea
Txikitan, gelako ikasle on gehienek haien azterketak besteen begiradatik babesten zituzten, besteek kopiatuko zieten beldur. Beste batzuek, ikasle finak izateaz gainera ikaskide jatorrak, haien lanaren fruituak ondokoekin partekatzen zituzten, txuletak esaterako. Musikarien munduan ere sormena partekatzeko edo ez partekatzeko eztabaida puri-purian dago. Copyright eta copyleft hitz arrotzak gero eta maizago aditzen dira. Edo jabetza intelektuala eta horrek sortzen dituen etekin ekonomikoak kudeatzen dituzten gestio erakundeen papera (SGAE hegoaldean eta SACEM iparraldean). Gai hauek menderatzeko beharrik ez dugun arren, nago musika inguruko anitzek ez ote dituzten arinki erabiltzen haien esanahia sobera ezagutu gabe. Bereziki bitxia egiten zait zenbait talde berrik eskarmentuko taldeei erakunde horietako kide izatea leporatzea. Gaizki ikusia dago, statu quo-a sustatzen delako-edo. Baina ez dute kontuan hartzen haiek hainbeste miresten dituzten euskal talde handiak erakunde horietako aspaldiko kide direla. Are gehiago, aspalditik beren kantuek sortzen dituzten etekinak taldearen diru iturri garrantzitsua direla. Eta are gehiago, eskubide guztia dutela haien lanak sortutako diru horretaz profitatzeko, hari uko egiteko duten eskubide berbera. Beste behin ere, aukerak eta iritziak daude tartean. Kerobia taldeak gai honetan hartu berri duen erabakia eredugarri iruditzen zaigu, kontsekuentea: lehenengo bi diskoak SGAEn erregistratu ondoren, hirugarrena kaleratzeko erakundetik irten dira, jabetza intelektualari eta bere etekinei uko eginez. Gaur, musikarien hautua da haien kantuak sortzen dituzten eskubideak bereganatzea ala denon eskura uztea. Hau da, kantuak norberarentzat erreserbatzea (copyright) ala erabiltzeko aukera eskaintzea (copyleft), kopiatzeko «eskubia» ala «ezkerra», ingelesezko hitz jokoa. Gure irudiko, zilegi dira biak. Orain arte, disko bat argitaratzeko gestio erakunde horien bitartekaritza ezin zen ekidin, diskoa fabrikatzeko haien baimena lortu eta zerga ordaindu behar baitzen (eta ez nolanahiko zerga, alajaina!). Musika plazaratzeko lizentzia monopolizatuta zuten. Orain -bazen garaia- bide itxi horri zirrikitu bat ireki zaio, eta eskubide intelektualei uko eginez, posible da diskoak plazaratzea sgae-n (minimiza dezagun) edo sacem-en erregistratu gabe, lizentzia libreei esker. Auto-ekoizpenaren gorakadak eragin handia izan du aldaketa honetan. Norberaren eskubide, norberaren ezkerbide.