EB gero eta gogorrago ari da immigranteekin
Europar Batasuneko gobernuek ez zuten itzulera zuzentaraua delakoari buruzko akordiorik lortu, proiektua guztiz murriztailea eta benetako atzerapausoa izan arren, hamar herrialdek areago gogortu nahi baitute. Legedi berriak immigranteen berme-murrizketa eta eskubideen urraketa handiago bat ekarriko luke, hala nola immigrante «ilegalen» atxilotze epea 18 hilabetez luzatzea, adin txikikoak ere atxilotutako senitartekoekin atxikitzeko aukera barne; europar lurraldera bost urtean itzultzeko debekua, edo babesa eskatzen dutenak atxilotu ahal izatea. Akordiorik gabe ere, EBko hurrengo presidente Nicolas Sarkozyren lehentasuna den politika murriztailea abian da Batasuneko kide gehienen adostasunarekin. Estatu espainoleko Gobernuko alderdiak, esate baterako, ez omen zuen begi onez ikusten Sarkozy edota Finiren asmoa, baina Madrilen gauza bat esan, eta Bruselan beste bat egiten du. Kezkagarria da EBn eskuinaren eta ezkerraren arteko muga ezabatze hori eta eztabaidak eskuinaren esparruan gertatzea. EB nekez ager daiteke eskubide guztien bermatzaile gisa, haien etengabeko murriztaile baita. Hori nabaritzen dute etorkinek, dokumenturik ez dutenak gaizkile bihurtuta, Europako buruzagiak ez daudela, esplotatzeko ez bada, eurak onartzeko prest.