Pasaia hobetzeko akordio bat, «kanpo portuari itxaron gabe»
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Arantza Tapiak, Gipuzkoako Aldundiaren eta Pasaiako Udalaren arteko akordio baten berri eman du. Pasaitarren bizi kalitatea hobetzen ahalegintzea da asmoa, kanpo portuari itxaron gabe. Hala ere, «biziberritze integrala» kanpo portuari lotuta dagoela berretsiz, irailerako plan estrategikoa eta zuzentzailea prest izango dituztela jakinarazi du. 2010eko apirilerako eraikitzeko proiektua idatzi nahi dute.
Maider IANTZI |
2005eko urrian ekimen bat izan zen Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan, Gobernu espainolari, Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari Pasaia biziberritzeko prozeduran lanean hasteko eskatu zieten, biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko, kanpo portuari lotu gabe. Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Arantza Tapiak, atzoko agerraldian azaldu zuenez, «instituzio guztiak ados gaude, ekintza horiek guztiak kanpo portu batera eraman behar direla bigarren fase batean».
Orduz geroztik hainbat ekimen gauzatu dela adierazi zuen Tapiak. Aldundia Lezo-Gaintxurizketa korridore horretan lurrak erosten hasi zen jarduketa logistiko-industrialari laguntza emateko. Bestalde, portuko agintaritzak berak plan berezi bat idatzi eta udaletara bidali zuen, barruko portuaren antolaketa egin ahal izateko. Nabalaldea abiarazteko ekimena ere hasi da. Xedea Donibane inguruko zatia biziberritzea zen, «ez bakarrik hiritarren ikuspegitik, industrian ere behar bat bazegoen eta, horri erantzunez, industrialde hori martxan jarri zen».
Beste ekimen ugariren ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu zuen Pasaiako Udalarekin, eta beste bat Portuko Agintaritzarekin. Lehenengo akordioak biziberritze jardunak koordinatzeko eta bultzatzeko balio du. Bigarrenak, kanpoko portuaren proiektuko ekintzak koordinatzeko. Jaizkibelgo tunelen egitasmoa kanpo portuaren proiektuan bertan sartuko dute, bientzat ingurugiro azterketa bakarra egiteko.
Arantza Tapiak kanpo portua beharrezkoa dela adierazi zuen: «Muga garrantzitsuak daude gaurko portua erabiltzeko, itsasontziak gero eta handiagoak dira eta ezin dira sartu. Lehenik itsasontzi txikietara pasatu behar dira produktuak eta horrek salgaiak garestitzen ditu». Legealdi honetan eraikitzeko behin-betiko urratsak emango dituztela espero du: irailean plan estrategikoa mahai gainean izan nahi dute, proiektua ekonomikoki bideragarria den ala ez zehazteko. Plan zuzentzailea ere idatzita nahi dute ordurako, zein motatako portua eraikiko duten jakiteko.