GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gelditour Iruñera iristean, AHTren egitasmoa ezagutaraziko dute adituek

AHT Gelditu! Elkarlanak informazio jardunaldiak antolatu dituela iragarri zuen atzo, larunbatean Gelditour Iruñera iristen denerako. Horrela, adituek emanen dute AHT egitasmoaren berri, Nafarroako agintariek ez baitiote inolako informaziorik zabaldu nahi izan gizarteari.

Jasone MITXELTORENA |

Joan den igandean Nafarroako Cortes udalerritik abiatu zen Gelditour, eta Erriberako nahiz erdialdeko herriak pasa eta gero, gaur Nafarroako Unibertsitate Publikora iristekoa da. Iruñerrian zehar ibiliko da hurrengo egunetan, eta larunbatean Iruñean bertan geldituko da. Egun horretarako antolatu dituzte informazio jardunaldiak. Goizeko 10.00etan hasita, hainbat adituk azalduko dute AHTren egitasmoa, orain arte nagusitu den informazio faltari aurre egiteko.

Modu horretan, herritarrek aukera paregabea izanen dute larunbatean, Nabarreriako Oskus egoitzan, Abiadura Handiko Trenaren nondik norakoak ezagutzeko. Paco Segurak, Ecologistas en Acción taldean garraio alorreko arduradunak, Estatu mailako garraio azpiegituren planean kokatuko du egitasmoa, ikuspegi ekonomikotik «neurrigabea» eta klima aldaketaren aurkako borrokan «zentzugabea» dela ikusaraziz. Nekane Jurado ekonomialariak AHT- ren ondorio ekonomiko eta sozialen berri emanen du, eta jarraian, Iñaki Bárcena EHUko irakasleak egitasmoaren kontra- esanak agertuko ditu, garraio arazoak konpondu ez, eta AHTk larriago eginen dituelako.

12.30ean «Abiadura Handia Estatu espainolean: esperientzia trukaketa» hitzaldia izanen da Defensa del Ferrocarril plataformako kide baten eskutik, Andaluzia, Galizia eta Katalunian izandako esperientziak azalduz. 16.30ean AHTk modu ez zuzenean ekarriko lituzkeen kalteak aztertuko dira Erdiz Bizirik eta + Centrales No plataformen eskutik, eta Enrique Miranda arkitekto-urbanistak AHTrekin lotutako zenbait gai azalduko ditu: besteak beste, makro-zabortegien ugaritzea eta etxebizitzen inguruko espekulazioa. Azkenik, 19.30ean kalejira eginen da Nabarreriatik Taconera parkera, han izango baita Gelditour.

Nafarroan AHTren egitasmoa propaganda egiteko ere ez dute nahi izan aipatu. Parlamentuan klima aldaketa aztertu dute, baina gai horrekin zuzeneko lotura duen AHTri buruz eztabaidatzeari uko egin diote, atzo salatu zutenez. Bide batez, Nafarroako korridorearen lehen zatiko lanak hasteko Madrilen eta Iruñearen artean sinatu beharreko akordioa zertan den ez azaltzea ere gaitzetsi zuten.

Aramaioko desjabetzeei buruz

Bestalde, ezker abertzaleak Aramaion asteartean izandako mobilizazioak goraipatu ditu, bere hitzetan, ezinbestekoak direlako AHT gelditzeko bidean. Garaipena gogoratuz, «egitasmoa gelditzea posible» dela berretsi du. Eredu neoliberala inposatzearen aitzinean, burujabetzaren alde egiteko deia luzatu du.

isiltasuna

Nafarroako agintarien mututasuna salatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak. Izan ere, ez dute informaziorik helarazi, ezta propaganda gisa ere, eta Parlamentuan eztabaidatzeari ere uko egin diote. Gainera, Madrilen eta Iruñearen artean sinatu beharreko akordioa zertan den galdetu zioten Miguel Sanzen Gobernuari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo