Praileaitzen txostena hil honetan aurkeztuko duela berretsi du Aranburuk
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Gipuzkoako Kultura eta Euskara diputatu Maria Jose Aranburu herrialdeko kultura politikaren inguruan mintzatu zen atzo Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean. Ikasle zein irakasleen aurrean Aranburuk zuzentzen duen saileko ildo nagusien berri eman zuen, eta, horien artean, lehenik eta behin, esku-hartze arkeologikoak antolatu behar direla esan zuen. Ildo honetatik Praileaitz aipatu zuen, nahiz eta berririk ez zuen eman. «Ikerketa guztiak amaituta daude, guztiak bat izan ezik, hidrologikoa; horrek urte bete edo joko du. Une honetan ikerketak egin dituztenen ondorio guztiak biltzen ari dira eta neu, agindu moduan, Batzar Nagusietara joango naiz hil honetan horren berri emateko», azaldu zuen Aranburuk. Ekain kobazuloko erreplika ere prest dutela gogoratu zuen, eta urtea bukatu baino lehen aurkeztuko dute.
Gipuzkoako Kultura Sailak duen bigarren lehentasuna museoei, artxiboei eta liburutegiei dagokiena dela esan zuen Aranburuk.
Horiek hala, hauen guztien arteko elkarlana bultzatu beharra dagoela nabarmendu zuen. Museoei erreparatuta, Balenciaga Museoaren inguruan ere hitz egin zuen, baina horren inguruan ere ez zuen berri handirik. «Bide onetik goaz, lainoak egon badaude, baino gero eta arinagoak dira», esan zuen. 2009. urterako ireki nahi dutela esan zuen, baina ezin izan zuen data zehatzik eman: «Datorren martxoan barne-lanak bukatzen dituztenean erakusketa atondu egin beharko da, ingurua ondoren... 2009an Getaria villa bihurtu zela 700 urte beteko dira; ordurako irekitzea espero dugu».
Ondare Gordailua
Aranburuk Irunen eraikiko duten Ondare Gordailua ere aipatu zuen, izan ere «ditugun ondare bilduma horiek guztiak behar bezala tratatu eta piezak gordetzea» ezinbestekotzat jo zuen. Horren haritik, eraikina egiteko eskaintza «berehala» egingo dutela esan zuen.
Bukatzeko, kulturaren zabalkunde eta sustapena aipatu zituen. «Gure lehentasuna, Tabakalera egitasmoa aurrera ateratzearekin batera, kultura guztion eskura jartzeko nahikoa argitasun izatea da», argitu zuen.
Hau guztia aurrera eraman ahal izateko, legealdi honetan 45 bat milioi euroko aurrekontua dutela esan zuen, hori bai, Tabakalera kontuan hartu gabe.