GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Unibertsitatearen aldeko festa ospatuko dute bihar Iruñean

p024_f01_091x100.jpg

GARA |

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek agerraldia egin zuten berriz ere bihar ospatzekoa den Euskal Jaiaren garrantzia nabarmentzeko. Donibane auzoko Trinitarios plazan izango da aurten festa, eta Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapena izanen du xede. Izan ere, «egungo unibertsitate eredua agortua» dagoela salatu zuten, «askatasuna eta eskubideak ukatzen dituen Unibertsitatean ikastera» derrigortuta daudela jakinaraziz.

NUPeko ikasleek salaketa zehatza egin ziote Unibertsitateari: ikasleen «kritikotasuna» ezabatzen saiatzea, segurtasun neurrien bidez «ikas- leak kontrolatzea», erabaki organoetan ikasleen bozak pisu gutxiago izatea eta euskaraz ikasteko aukera ukatzea. Hizkuntz eskubideen urraketa horrekin batera, nortasunaren kontra ere egiten dela ohartarazi zuten.

Urrats praktikoen ordua

Horregatik, aldaketaren beharra inoiz baino nabarmenagoa dela adierazi zuten, eta Hezkuntza Sistema Nazionala lortzeko bidean, Euskal Unibertsitatea dela tresna egokia.

Euskal Unibertsitatearen Sustapen Taldeak egitasmoa gauzatzeko ordua zela jakinarazi zuen jada 2002-2003 ikasturtean, eta 2004an hori posible izateko oinarrizko ezaugarriak finkatu ziren. Horregatik, Unibertsitatearen eraikuntzan «urrats praktikoak emateko unea» dela iritzita, Euskal Jai honekin egitasmo hori zabaldu nahi dute, eta asmo horrek bultzatuta egin du Skatu taldeak jaialdirako abestia, eta ikasleek «spot» bat sortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo