GARA > Idatzia > Kirolak

BAT FORMULA Turkiako Sari Nagusia

Merezi baino sari txikiagoa Hamilton bizkorrenarentzat

Hiru bider gelditzeko estrategia erabili zuen pilotu britainiarrak eta irteera onari esker, gertu izan zuen Massari Turkian lortutako hirugarren garaipena kentzea

p046_f01_148x096.jpg

GARA | ISTANBUL

Beste behin ere, Turkiako Sari Nagusiak Pole Positionaren jabeari eman zion garaipena, alegia, Ferrariko Felipe Massa brasildarrak Turkian hirugarren aldiz nagusitzea lortu zuen.

Irteeran erabaki zen atzoko lasterketa. Hamiltonek laugarren postutik bigarrenera egin zuen jauzi Raikkonen eta Kovalainen gaindituz. Finlandiarrek talka egin zuten elkarren kontra, eta McLarenekoak boxetan sartu behar izan zuen. Ondorioz, punturik ez zuen lortu Kovalainenek.

Massak eta Raikkonenek zortea izan zuten irteeran. Massak buruari eutsi zion eta Raikkonenek, berriz, nahiz eta bosgarren lekura erori, arin egin zuen aurrera, atzealdeko istripu baten ondorioz safety car-a sartu baizen aurreneko itzulian.

Alabaina, Turkiako gizonik azkarrena McLareneko Lewis Hamilton izan zen. Pilotu britainiarrak ausart jokatu zuen eta aurreneko postua eskuratzea ere erdietsi zuen lasterketaren erdialdera Massa aurreratuta.

Dena den, bere estrategian, hiru aldiz geldituz, penitentzia izan zuen Hamiltonek. Hamaika itzuliren faltan, Massarekiko hamalau segundoko aldea zuela, azken aldiz geratu behar izan zuen britainiarrak, eta hantxe joan zitzaizkion aukera guztiak.

Turkiako emaitzek Raikkonenen lidergoa murriztu egin dute apur bat. Finlandiarrak 35 puntu ditu, eta bigarren lekuan Ferrariko kide Felipe Massa eta McLareneko Hamilton daude 28 punturekin. BMW sauber taldeko robert Kubica poloniarra laugarren lekura erori da, 25 puntuz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo