Mendi Lasterketak Espainiako Kopa
Euskal selekziokideak nagusi bigarren hitzorduan
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Joan den igandean, mendi lasterketen Espainiako Kopak bere bigarren proba izan zuen eta euskal selekzioak bertan egindako lana primerakoa izan zen. Izan ere, nesketan zein mutiletan erdietsi zuten garaipena. Protagonista horiek Oihana Azkorbebeitia eta Zuhaitz Ezpeleta izan ziren.
FEDMEk antolatutako Koparen bigarren hitzordua Tarragonan jokatu zen: Cursa de Muntanya de Pauls. 23 kilometroko ibilaldi oso teknikoa eta 1.600 metroko desnibelari aurre egin behar izan zieten lasterketan parte hartu zuten ia 380 korrikalarik. Ports de Tortasa-Besseiteko Natur Parkean korritu zen, eta oso eguraldi dotorea izan zuten. Hala ere, aurreko asteetan inguru hartan izan dituzten euriteen ondorioz, hainbat zati nahiko arriskutsu zeuden. Hori zela-eta, tarte horietan soka finkoak jarri zituzten.
Nesken lasterketari dagokionez, hamargarren kilometroan Laia Andreu, Marta Dominguez eta Oihana Azkorbebeitia ziren tropelaren buruan. Helmugarako gutxi geratzen zenean, Laiak eta Azkorbebeitiak ihes egin zuten. Azkenean, euskal selekziokidea izan zen lehenengo 2:53:41 denborarekin, eta haren atzetik iritsi zen Laia, 10 segundora. Hirugarren postuan Dominguez sailkatu zen. Garaipen honi esker, sailkapen nagusiko lehenengo postuan da Azkorbebeitia.
Mutiletan ere hirukote bat jarri zen lasterketaren buruan: Marco Llorens, Just Sociats eta Zuhaitz Ezpeleta. Erritmoa bizitu eta Llorens eta euskal ordezkaria izan ziren lehenengoak helmugan. Garaipena Ezpeletarentzat izan zen 2:12:48 denborarekin; Llorens izan zen bigarren, 40 segundora. Hirugarren postua Santiago Garciarentat izan zen.