GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Sorhuetek eta Etxetok ez dute barkatu eta onenak izan dira Zuberoako torneorik handienean

LARRETXEA-KURUTXARI 27

SORHUET-ETXETO 40

J.L. | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan atzo Garindainen jokatu zen torneoko finalean. Sorhuet eta Etxeto ziren txapela lortzeko faboritoak, eta amaieran haiexek jantzi zuten. Finala nahiko polita izan zen, eta Zuberoako pilotazaleek partida ederra ikusi ahal izan zuten; amaieran esker ona adierazteko txalo ugari eskaini zieten pilotariei.

Hala ere, Larretxea eta Kurutxari agintzen hasi ziren, eta horrelaxe joan ziren, 14-14 adostu bitarte. Tarte horretan, Zuraideko aurrelaria oso ongi aritu zen kintzeak burutzean, bai eta botearekin ere. Atzean ere Kurutxari oso seguru zebilela nabari zen, eta agian ezusteren bat gerta zitekeela ere ematen zuen, baina ez zen horrela izan.

14-14 berdinduta egon ostean, faboritoek aurrea hartu zuten, eta ez zieten gehiago hurbiltzen utzi. Berehala aldea handitzen hasi ziren, eta 11-1eko partziala lortu zuten. Horixe izan zen unerik erabakigarriena, hortxe geratu baitzen atzoko finala erabakita.

Sorhuetek eta Etxetok, hamar kintzetako aldea lortu zuten. Zailena egin zuten, atzetik joan, eta gero horri buelta eman; eta hamar kintzeko aldea lortu zutenean, horri eustea nahikoa zutela ikusi zuten, eta horrelaxe egin zuten. Larretxea eta Kurutxari ahalegindu ziren aurkariak estutzen, baina ezinezkoa izan zen, atzokoan aurkariak hobeak izan baitziren.

Thierry Etxeto izan zen finaleko onena, eta sasoi betean dagoela erakutsi zuen Uztaritzeko atzelariak. Astebetean irabazitako bigarren torneoa izan zen atzokoa. Lehenengoa, aurreko ostiralean lortu zuen Angelun, eta atzo Garindainen. Kurutxarik ere aipaturiko bi finalak jokatu ditu, baina ezin izan du bat bera ere irabazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo