GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Hau ez da serioa

Bada garaia joko berriari ekiteko; xakea utzi eta partxisean hasteko. Bertikaltasuna ahaztu eta horizontalean pentsatzen hasteko, Europara baino, etxekideei begiratuz

Alderdi batzuen bozeramaleren bat eta kazetari bakanak kenduta, ia inork ez du eman iritzirik Ibarretxeren azken proposamenari buruz. Eta harrigarria da. Harrigarria da hain entusiasmo gutxi piztea eta harrigarria da proposamena bera.

Hiritarrak tenis partida batean bezalaxe sentiarazten gaituzte. Lehenago esan ziguten eroso sentitu behar genuela Espainiaren barnean, espainiar hiritar arruntak bagina bezalaxe, besterik gabe. Geroago esan ziguten Espainian bizi bai, baina apur bat diferenteak ginenez, adostasunezko akordioaren bidez egongo ginela estatuan, hots, etxe komunean baina nor bere gelan. Horri deitu zioten erkidego librea eta kidetua, eta borondate oneko elkarkidetzan oinarritzen zen. Hau da, auzokoaren etxean bizi arren, pozik onartzea norberaren gelako espazioa.

Aurrerago zalaparta handiz aldarrikatu zuten EAEren eta Espainiaren arteko harremanaz gure iritzia galdetuko zigutela, jakiteko ea bertan egon nahi genuen ala ez, nola, noiztik aurrera, zein baldintzatan.

Orain, azkenik, esan digute ezetz, galdetu ez digutela galdetuko, Espainiako beste hiritar batzuei galde badiezaiekete ere (andaluziarrei, kasu), guk, euskaldunak izanik, ezin diogula-eta galdeketa bati erantzun. Beraz, galdetuak izateko nahia badugu, banaka eta banan-banan Europari eskatu behar diogula errespeta diezagutela galdeketari erantzun ahal izateko eskubidea, edozein espainiarrek duen eskubidea edukitzeko, alegia.

Hau da, Bruselan eskatu behar dugu espainiar gisa tratatuak izatea euskaldunak izan ahal izateko; espainiarrek duten tratua exijitu behar dugu, espainiarra izateari uzteko. Hau ez da serioa. Inondik inora.

Tenis partida honetatik ateratzen den begitazioa da denak berdin-berdinak garela, baina batzuk berdinagoak direla besteak baino. Hamaikagarren aldiz ikusi ahal izan dugu euskalduna izatea plus bat dela; euskalduna da xake-taulatik beti kanpo gelditzen den fitxa, mugimendu berezkoa eta aldakorra duen alfila, zaldia, erregina, peoia... Euskalduna da arauetan sartzen ez den aldagaia, behin eta berriz arau berriak asmatzera behartzen dituen matxinoa.

Sentsazio nagusia, finean, inpotentzia da. Inpotentzia adierazten dute asmo independentistak izan arren tresna autonomistak dituztenek. Inpotentzia antzematen zaio estatu zentralizatzaileari, ezin baitizkio ateak jarri mendiari. Eta inpotentzia, azkenik, negoziazioa lortzeko bortxaren bidez zentralismoa kolokan jarri nahi dutenen aldetik.

Xake-taulak ez digu balio, piezen mugimendua arauetan oinarritzen delako, eta arauak ezarrita daudelako aldez aurretik. Xake-taulak ez dio balio jokoa kontrolpean eduki nahi duenari, pieza batzuek erabaki baitute ez dutela bizi nahi laukietan, alboetan baizik.

Bada garaia joko berriari ekiteko; xakea utzi eta partxisean hasteko. Bertikaltasuna ahaztu eta horizontalean pentsatzen hasteko. Hau da, Europara jo baino, etxekideei begiratu, mahai beraren inguruan bildu, eta joko berriak hausnartzen hasi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo