GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lezoko Udalak gogor kritikatu du Aldundiak kanpo portuaren gainean hartutako jarrera

Maider EIZMENDI |

Lezoko Udaleko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, orain dela bi egun Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen kanpo porturako sarbide tunelen proiektuaren gainean iritzia emateko.

Salagarritzat jo zuten Aldundiaren jarrera, besteak beste, udalei inolako informaziorik eman gabe aurkeztu dutelako egitasmoa. «Hori dela uste al du Aldundiak udalekin elkarlanean aritzea Pasaia biziberritzeko?», galdegin zuen Haritz Salaberria alkateak. Bere hitzetan, adostasuna bilatu beharrean, beraien nahiak eta interesak «besteen gainetik» jarri nahi dituzte.

Gainera, ohartarazi zuenez, «kea saltzen ari dira», izan ere, kanpo portuaren proiektua oraingoz ez dago erabakita: «Kanpo kaiarena zalantzaz beteriko egitasmoa da eta aitortu duten bezala, oraingoz, ofizialki onartu gabea; noski, tunelak ez du zentzurik porturik gabe». Udaleko ordezkarien ustez, eztabaida saihesteko estrategia bat da.

Arduratuta agertu ziren, beraien ustez proiektu honek itotzera kondenatuko lukeelako Lezo. Portua eraikitze hutsak beste 4.000 ibilgailu sartuko ditu egunero Lezoko errepideetan, Udaleko ordezkarien esanetan, «gero, portuak garraiatuko dituen merkantzia tona guztiak ere errepide hauetatik igaroko dira».

Bestelako garapena

Horrekin batera, Lezo hirigintza plana egitean ari dela ekarri zuten gogora, besteak beste, herrigunea babesteko eta beste garapen eredu bat bultzatzeko helburuz. Gainera, landa garapenerako zentro bat proposatzen dute bertan, «eskualdeko nekazaritzarentzat oinarrizko izango dena».

Ildo horretan gaineratu zuten superportu eta tunelak eraikitzea ez dela aukeran dagoen garapen eredu bakarra. Nabarmendu dute, halaber, ez duela soilik Lezo kaltetuko eskualde osoa baizik: «Proiektu honek ez du zentzurik Abiadura Handiko Trena, errepide berriak, logistika azpiegiturak... Garapen eredua dago jokoan, eta honek gizarte eta lurralde osoan du eragina».

Lezoko Udaleko kideen iritziz, «lurraldearen eta jendartearen lepotik» ari da garatzen eredu hori, «sortzen dituen arazoei kasurik egin gabe eta etorkizuna guztiz baldintzatuz».

Arrazoi horiek guztiak eman ostean eskaera argiak egin zituzten udal ordezkariek. Lehenik, «eskualdearen benetako biziberritzea», herritarrek dituzten behar eta arazoak identifikatuz eta horiei erantzungo dieten neurriak abian jarriz.

Benetako eztabaida

Bestalde, kanpo kaiaren gainean egiazko eztabaida publikoa aldarrikatu zuten. Horretarako, «ikusirik Aldundiak, Portu Agintaritzak eta gainontzeko alderdi politikoek ez dutela interesik», Lezoko udal gobernuko kideek informazioa bideratzeko eta «benetan behar dugun garapen ereduari buruzko» eztabaida abiarazteko lanean aritzeko konpromisoa agertu zuten, informazioaren gardentasuna oinarritzat hartuta.

Iragarri zuten, gainera, hil honen amaieran Gipuzkoako diputatu nagusiarekin bilera bat izango dutela, eta bertan eskatuko diotela jarrera aldatzeko eta orain arte egindako pausoen gainean azalpenak emateko jendaurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo