Patxi Salaberri Muñoa UPV-EHUko irakaslea
Zelaia Sari banaketako aperitifa
Izan ere, ez dirudi bidezkoegia denik jendea eta, batez ere, beste finalista biak saria irabazteko espektatiban mantentzea. Gratuitoki eta funsgabe mantentzea, alegia. Eta are gutxiago, irabazlea sariaren zaporea gozatzen ari bada lehenagotik!
Duela astebeteko berria: Juan Zelaia izeneko saiakera-sariketan hiru finalistetako bat gertatu omen zen nire «Epifonemak» lantxoa.
Informazio horren arabera, bazen saria erdiesteko aukerarik.
Noski, zeharka baino ez nuen jakin finalista nintzela, nekez abisa baitzekigukeen printzipioz plikak ireki artean ezezagun ginen egileoi. Edonola ere, enegana iritsi idazkian bi bertsio zeuden burutuko zen sarien banaketa-ekitaldiaz, erredakzio-hizkuntzaren araberakoak biak, hots, euskarazkoan, «lehiaketaren ebazpena, plikak irekitze eta irabazlearen izena aurkeztearen ekitaldia» izango zela esaten zen bitartean, «proclamación de la obra ganadora, la apertura de plicas y la entrega del premio» burutuko zirela iragartzen zen beste hizkuntzan.
Honako honen sinatzailearen interpretazioan, bertsio batek ez zuen finalistak bertan egotea eskatzen, baina besteak, saria emango bazen, ezinbesteko zituen hirurak.
Ez zen, halere, inferentzia-ariketa gehiegirik egin behar bertsioetako bat lehenesteko: Herri honetan erdarazko bertsioak du beti lehentasuna. Saria bertan luzatuko zen. Ondorioz, finalistek aldez aurretik abisaturik egon behar zutela zirudien.
Plikak ekitaldian bertan ireki behar baziren, bada, espero izatekoa zen lanak aurkezteko erabili erreferentziazko helbideetan komunikazioren bat jasotzea, hiru egile ustez anonimoei ekitaldian egoteko gonbidapenak iritsi zekizkien. Bost egunez aiduru eta zain. Bost egunez inozoki itxaropentsu. Ezer ere ez.
Ekitaldiaren bezperan, hurbileko pertsona batek bere burua identifikatu gabe planteatu galderari Pamiela argitaletxean luzatutako erantzuna behin betikoa izan zen: «Lasai, dagoeneko kontaktuan gara irabazlearekin eta guztia dago lotuta; dena den, biharko ekitaldia irekia da eta bertan egon zintezkete, interesik izanez gero».
Azkura izugarria ariman eta potroetan!
Fintasunik eta errukirik gabeko simulakrozaleen eskuetan berriro ere!
Irabazlearekiko begirunea ezin nonbait finalista aldarrikatutako beste autoreengana iritsi! Sariari distira emateko meza-mutil gizagaixoak! Enteratuko dituk prentsaren bidez!
Egia esan, bost axola plikak lehenago edo beranduago irekitzen diren! Baina antolatzaileek oinarrietan hain serio xedatzen dutena bete nahi ez badute ere, balirudike gutxienez batera-edo komunikatu beharko litzaizkiekeela erabakiak autoreei, batik bat haietakoren bati «plikak ireki aurretik» abisatzen bazaio. Luma eta paperaren esparruko langileekiko funtsezko adeitasuna baino ez.
Izan ere, ez dirudi bidezkoegia denik (hau ere gogoratu behar ote da oraindik?) jendea eta, batez ere, beste finalista biak saria irabazteko espektatiban mantentzea. Gratuitoki eta funsgabe mantentzea, alegia. Eta are gutxiago, irabazlea sariaren zaporea gozatzen ari bada lehenagotik!
Pamiela argitaletxean lau liburu ditut argitaraturik eta ohiko uste nuen seriotasuna espero nuen oraingo sariketan ere.
Baina erabilia sentitu naiz. Erabilia eta inolako begirunerik gabe tratatua. Eta, auskalo zer den txarrago, ekitaldi ondoko -capisci? capite?- otamenik gabe ere.
Nolanahi ere den, ziur naiz ondo baino hobeto aukeratua izan dela aurtengo irabazlea. Antton Lukuri ene zorionik zintzoena.