Olentzeroren kalejirak debekatzeko ohitura txarra
Zer gertatuko litzateke ezker abertzaleko alkatetza duen udal batek Errege Magoen desfilea debekatuko balu? Zentzugabekeria izango litzateke, inondik inora. Hala ere, hedabide gehienek ez bide lukete hala adieraziko beren lehen orrialdean. Ez da zaila irudikatzea nola deskribatuko luketen eta zer iritziko lioketen debekuari. Letra larriz garbiketa etnikoa eta gisako terminoak erabiliko lituzkete erruz, Estatuko Gobernuaren eta epaileen esku-hartzea eskatuko lukete eta, izan ere, ez litzateke harritzekoa izango horiek esku hartzea. Baina inongo udalek ez du Errege Magoen desfilea debekatu. Besterik da albistea, zenbaiten ustez albistea ere ez dena: Iruñeko Udalak Olentzeroren kalejirak debekatu ditu Donibanen, Arrosadian eta Txantrean. Udalaren argudioak beharbada datorren abenduaren 28an onargarriak izan litezke, baina oraingoz adar jotze nabarmena eta euskal kulturaren aurkako eraso nabarmenagoa dira. Udalak dioen moduan, kalejira horiek errebindikazio izaera izango balute ere, debekatzeko nahikoa motibo izango litzateke? Iruñeko Udalak baietz esan zuen atzo. Antza, «demokrazia organiko» hartan bezala, «apolitikoa» izan beharra aldarrikatzen du. Hau da, erregimenaren ildo politikoarekin bat etortzea. Iruñean dagoeneko ohitura da Olentzeroren kalejirak debekatzea. Ohitura txarra eta, noski, ez-demokratikoa.