GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gozatua eta arazoak, biak ekarri ditu elurrak Gipuzkoara eta Lapurdira

Goizeko bederatzietan garbi ziren inguruak, baina ordu hori eta eguerdia bitartean gogotik bota zuen elurra, batez ere, Gipuzkoako eta Lapurdiko itsasertzean. Batzuen gozagarri, errepidera irtetea beste erremediorik izan ez zutenek makina bat arazorekin egin zuten topo. Gipuzkoako hiriburuan, esaterako, hainbat autobus zerbitzu bertan behera geratu ziren; eta Baiona, Angelu eta Biarritz lotzen dituena etenda, errepidean gatza zabaldu bitartean.

p020_f01.jpg

M. EIZMENDI-I.GAINZA |

Urri izatea bezalakorik ez da, estimatzeko. Eta horixe, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldeko bizilagunei atzo gertatutakoa. Ez da maiz ikusten elurra paraje hauetan, eta horregatik atzo mara-mara eta etenik gabe hasi zuenean etxe eta lantokietako leihoek aspaldian ez bezalako jendetza batu zuten inguruan.

Lapurdiko kostaldean erruz bota zuen elurra atzo goizean. Donibane-Lohizunen, Urruñan, Hendaian edota Biarritzen aspaldian ez bezala ikusi zuten elurretan. Donostian ere beste hainbeste, postaletan agertzen diren irudien parekoak har zitezkeen mugikorrarekin zirt eta zart.

Baina batzuen gozagarri, kalean lanean edota kaleak garbitzen aritu behar izan zutenek, ez zuten elurra horren irribarretsu agurtu. Eguerdi parterako arazoak hasi ziren Gipuzkoako hiriburuan eta Larrialdi Plana abian jarri zuen Udalak. Gatza zabaldu zuten kaleetan eta elurra baztertzeko kamioi eta autoak ibili ziren hara eta hona. Hala ere, ezin izan zuten eragotzi hiriburuko hainbat auzotan, Intxaurrondon, Berion, Miramonen eta Aieten, arazoak izatea sartu-irtenerako. Makina bati pazientzia agortzeraino kostatu zitzaion etxetik lanerako bidea egitea. Kotxean ezin, eta autobus zerbitzuko ibilgailu gehienak mugitu ezinik, hogei bat autobus linea geratu ziren bertan behera.

Lapurdin beste hainbeste. Goizean Baiona, Angelu eta Biarritz lotzen dituen autobus zerbitzua eten egin zuten bidea gatzatu bitartean, eta nahikoa trakestua egon zen zirkulazioa. Esaterako, A-63 autobidean arazo ugari izan ziren elurragatik eta zenbait kotxek talka egin zuten; hori dela-eta, Biriatun bidea itxi zieten kamioiei eguerdian.

Errepideak izoztuta

Barnealdean ere egoera traketsa. Nafarroa Behereko eta Zuberoako txoko askotan asteartean hasi zuen elurra, eta goizean egin zuen hotzak errepide asko izoztu zituen arazo ugari eraginez. Hainbat istripu izan ziren: Lakarren kamioi batek irrist egin eta errepidean gurutzatuta geratu zen; Garazi eta Baigorri arteko bidean hainbat auto errepidetik irten ziren.... Gainera, makina bat bidetan auto gidariek tentuz ibili behar izan zuten errepidean izotza zegoela-eta, eta horrek zirkulazioa mantsotu zuen.

Nafarroako eta Arabako hiriburuetan ez zuen elur askorik bota; ohiko egoerak buelta eman zuen, beraz. Nafarrak eta arabarrak izan ziren atzo Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean elurretan nola ari zuen entzun eta ikusi behar izan zutenak.

Elurra ez, baina hotz galanta egin zuen atzo Iruñean. Arratsaldeko lehen orduan zero azpitik gradu bat zuten hiriburuan, Nafarroako Gobernuko neurketen arabera. Baina eguneko minimoa -4 gradutan zuten. Gasteizen zero azpitik hiru graduko tenperatura zegoen iragarrita atzoko, eta arratsaldeko seietan -2.1 gradu markatzen zituen termometroak. Errepideen egoerari dagokionez, Araban Herrerako mendatea itxirik egon zen eguerdian eta ibilgailuek kateak behar izan zituzten Opakuan eta Urduñan.

Bizkaian ere ezin esan epel zegoenik, baina lurralde hau izan da elur eta hotz denboraleak gutxien kaltetu duena.

Traba batzuentzat, eskolan piper egiteko primerako aitzakia beste batzuentzat. Arabar Errioxako Guardiako lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eta Lantziego eta Eltziegoko hainbat ikaslek, ez zuten ikastetxeetara iristeko modurik izan; eta Lapurdin ere ikastetxe batzuetako autobusak ez ziren abiatu. Atzokoa, beraz, aparteko eguna izan zen bakarren batzuentzat.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo