GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lakuako hizkuntza politikek «arrakasta» izan dutela adierazi du Baztarrikak

Azken 25 urteetan Lakuako Gobernuak garatutako hizkuntza politikaz harro mintzatu zen atzo Patxi Baztarrika sailburuordea. «Arrakasta» horren adibidetzat, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekin alderatuta EAEn elebitasuna askoz indartsuago hazi dela esan zuen.

p019_f01_199x116.jpg

Manex ALTUNA |

Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak azken 25 urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskara sustatzeko Gasteizko Gobernuak aurrera eraman dituen egitasmoek «arrakasta» izan dutela aldarrikatu zuen atzo.

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren gainean mintzatzeko Guggenheim museoan egiten ari diren jardunaldietan egin zituen adierazpenok Baztarrikak. Hainbat herrialdetatik etorritako adituak bildu dira astelehenean hasitako biltzarrean, hizkuntza gutxituak nola babestu aztertzeko asmoarekin. Besteak beste, Finlandia, Kanada, Suitza, Hungaria, Italia, Alemania edota Estatu espainolean agertzen diren egoerak izan zituzten hizpide.

«Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna: lorpenak eta desafioak» izeneko jardunaldien baitan Baztarrika oso baikor agertu zen Lakuak garatutako hizkuntza politiken inguruan. Aldarrikatu zuenez, herri agintarien eta legediaren babesarekin 25 urteotan izandako bilakaera «arrakasta baten kronika» izan da.

Elebitasunak EAEn Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian baino askoz indartsuago gora egin izana jarri zuen horren adibidetzat. Autogobernua euskararen «mesederako» izan dela, eta hizkuntza politika «eraginkorrak» garatzeko balio izan duela esan zuen. Ildo horretan, gaur egun 800.000 euskal hiztun daudela aipatu zuen, eta euskaldun kopurua, beraz, inoiz baino handiagoa dela. Gainera, horietatik 300.000 euskaldun berriak direnez, horrek «hazkunde baten historia» erakusten duela goraipatu zuen.

Gasteizko Gobernuak garatutako hizkuntza politikak «herritar guztiak eta hizkuntzak» errespetatzen dituela azaldu zuen, ez dela gaztelaniaren aurka egiteko erabiltzen, hizkuntza «ahulena» den euskara «bultzatzeko» helburuarekin baizik. Gogora ekarri zuen hizkuntza politika horiek gatazka iturri izan direla gehiegizkotzat zein gutxiegitzat jotzen dituztenen artean, baina osasun onean daudela, euskarak erronka handiei aurre egin beharko dien arren.

Hezkuntzaren garrantzia

Sailburuordeak hainbat datu erakutsi zituen bere adierazpenak baieztatzeko. Azaldu zuenez, 1981ean EAEko gizartearen %22k bakarrik hitz egin zezakeen ondo euskaraz, eta nabarmendu zuen 2006rako %37'5era handitu zela multzo hori. Gazteen artean ere elebitasun proportzioak hazkundea izan duela azpimarratu zuen. Hein horretan, argitu zuen gaur egun EAEko biztanleen artean zenbat eta gazteagoa izan orduan eta handiagoa dela elebitasuna, eta lehen alderantzizkoa gertatzen zela, zenbat eta nagusiago izan adinez, orduan eta hobeto mintzatzen baitziren euskaraz.

Euskararen erabilerak eta etxeko transmisioak ere gora egin dutela ziurtatu zuen Baztarrikak, eta guzti hori hezkuntza sistemari zor zaiola hein handi batean. Euskara hutsean ematen den D eredua gero eta guraso gehiagok aukeratzen dutela eta horrek «gizarteko eliteak» euskal hiztunak izatea bermatuko duela esan zuen, izan ere, unibertsitatera heltzen diren gazteetarik gero eta gehiagok erabakitzen baitute euskaraz ikastea.

Autonomia Estatutua eta, batez ere, hainbat alderdiren artean bere garaian onartutako Euskararen Legeak hizkuntzaren berreskurapenean eragin positiboa izan duela esan zuen Baztarrikak. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko bilakaerak bestelakoak izateko arrazoitzat adostasun politikoa aipatu zuen, eta EAJ, PSE, Euskadiko Ezkerra eta EAren artean lortutako akordioa goraipatu zuen, Patxi Lopezen gobernu berriari zuzendutako mezuan. Esanguratsutzat jo zituen malgutasuna eta hizkuntza politikak presarik gabe ezartzea, eta, hala ere, herritarren atxikimendurik ezean, ezinezkoa izango litzatekeela gaineratu zuen.

Baztarrika Estatu espainolari ere zuzendu zitzaion eta pedagogia soziala egiteko eskatu zion, hizkuntza aniztasuna aberastasuntzat har dezaten espainiar gizartean, eta ez arazoa balitz bezala.

BIZIRIK

Europako hizkuntza zaharrena omen den euskarak gaur egun «bizirik» jarraitzen duela aldarrikatu zuen Baztarrikak, eta herritarren atxikimenduari esker «inoiz baino hiztun gehiago» dituela nabarmendu zuen.

MALGUTASUNA

Lakuako hizkuntza politikak malgutasunez eta presarik gabe garatu izana goraipatu zuen sailburuordeak eta, era berean, adostasun politiko eta soziala beharrezkoak direla horretarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo