GARA > Idatzia > > Kultura

Lakuak 8,1 milioi euroko diru laguntza emango dio euskara eta kultur arloari

GARA | GASTEIZ

Jarduneko Lakuako Gobernu Kontseiluak euskararen eta kulturaren esparrura zuzenduriko hainbat neurri onartu zituen atzo egindako bileran, 8,1 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. Miren Azkarate Kultura sailburuak eta bozeramaileak azaldu zuen atzo onarturiko neurrien artean zehazturiko diru-laguntzak nori bideratu «ahalik eta lasterren» erabakitzea dela helburua.

Horrela, Gobernu Kontseiluak zinpeko itzultzaile eta interpreteen gaikuntzari buruzko dekretu bat onartu zuen. Horrez gain, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen Dekretua betearazteko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen agindu bat ere onartu zuen. Dekretuaren aplikazio eremuko entitateei, kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak berma ditzaten, dekretuak ezartzen dituen hizkuntz betebeharretara egokitzen laguntzea da helburua. Horretarako, Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako ataletik 600.000 euro bideratzea aurreikusi du Lakuak.

Artea eta irakurzaletasuna

Halaber, beste hainbat ekimen ere diruz lagunduko ditu: arte galeriak atzerrian bultzatzeko ekimen bat (85.000 euro), liburutegi publikoetan teknologia berrien erabilera sustatzeko programa bat (500.000 euro), irakurzaletasuna bultzatzeko deialdi bat (206.000 euro), udal liburutegien funtsak berritzen laguntzeko agindu bat (832.000) eta artxibo historikoen funtsak digitalizatzeko laguntzak (400.000 euro).

Horrez gain, honako arloak ere bultzatuko dira: antzerki, dantza, musika eta zinema jaialdiak (350.000 euro), musika jarduera (439.000 euro), antzerkigintza (114.650 euro), euskarazko literaturgintza (514.000 euro), euskarri berrietan egiten diren ikus-entzunezkoak (30.000 euro), zinemagintza (1,9 milioi euro), kirola (560.000 euro) eta tokiko esparruan gazteei zuzenduriko azpiegiturek ere diru-laguntza jasoko dute (1,6 milioi euro).

Mota honetako laguntzak noiz onartuko diren galdetuta, Azkarateren esanetan, hainbat esparrutako elkarteei zuzenduriko diru-laguntzak ematen dituzten sailen helburua ekainerako edo uztailerako onartuta egotea da. «Ahalik eta lasterren onartuta egotea da helburua», adierazi zuen.

Kultura sailburuak azaldu zuenaren arabera, Kultura Saileko Ondare Zuzendaritzari dagozkion laguntza gehienak urte hasieran egiten dira. Halaber, laguntza guztiak «urtero ematen diren eta 2009ko aurrekontuetan bilduta daudenak» direla zehaztu zuen. «Aurkezten diren eskaerak Jaurlaritza berriak aztertuko ditu», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo