GARA > Idatzia > > Mundua

Komunen Ganberako presidentearen kanporatzea ekar lezake gastuen auziak

Azken 300 urteotan gertatu ez dena jazo daiteke aste honetan Britainia Handian. Parlamentarien gastuen eskandaluak Komunen Ganberako presidenteak kargua uztea eragin lezake, Michael Martinen aurkako konfiantza mozio bat aurkeztu baitute.

GARA |

Britainia Handiko Komunen Ganberako presidentearen postua, speaker delakoa, kolokan dago, konfiantza mozioa aurkeztu baita egun betetzen duenaren aurka, Londresen hori erabat ohiz kanpokoa bada ere.

Horren arrazoia, parlamentari britainiarrei ordaindu dizkieten gastu bitxiek eragin duten eskandalua. Bere burua onik ateratzeko asmoz, gastuen ordainketa sistema aldatzea proposatu du, hala, iruzurrei aurre egiteko.

«Daily Telegraph» egunkariak gastuen iruzurrei buruzko informazio gehiago kaleratu zuen atzo, astebete eta gero. Oraingoan, kritikek pertsona jakin bat zuten jo-puntuan: 2000. urteko urritik hona britainiar Parlamentuko Behe Ganberako presidente kargua duen Michael Martin.

Hiru alderdi nagusietako hamabost parlamentarik sinatu duten konfiantza mozioa aurkeztu zuten atzo Komunen Ganberan, Martinen dimisioa eskatzeko. Badira 300 urte Behe Ganberako speaker batek ez duela dimititzen.

Mozioaren bultzatzaile Douglas Carswellek nabarmendu zuenez, Martin berari dagokio dimisioaren gaineko eztabaidak aurrera egitea edo bertan behera geratzea.

«Esan didatenez, azken 300 urteotan speaker baten aginteari zuzenean egiten zaion lehen desafioa denez, ez litzateke arraroa izango Martinek eztabaida antolatzeko denbora gehiago eskatzea Gobernuari», idatzi zuen Carswellek bere blogean.

Oposizioko bigarren alderdiko (Liberal-Demokratak) buru Nick Cleggek mozio horren alde egingo dutela esan du, azkenean bozketarik eginez gero.

«Speaker-ak alde egin behar duela argi daukat», esan zuen Cleggek igandean. «Azkenaldian ezarritako ordenaren defendatzaile sutsua bilakatu da eta orain erreformak behar dira».

alderdi laborista

Glasgow-eko (Eskozia) hautetsi laborista da Martin. «Speaker» den heinean Parlamentuko eztabaidak zuzentzen baditu ere, berak ez dauka gastuak ordaintzeko ardurarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo