Joaquim Mir, XX. mendeko paisaia-pintorearen lanak ikusgai, Bilboko Arte Ederren Museoan
«Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa 1873-1940» izenarekin, Bilboko Arte Ederren Museoak margolari kataluniarraren 80 lanen erakusketa zabalduko du gaur, haietatik hamabi lehenengoz erakutsiko dituelarik.
GARA | BILBO
Bilboko Arte Ederren Museoa Joaquim Mir margolari kataluniarraren erakusketa antologikoaren lekuko bihurtuko da, gaurtik uztailaren 26ra. XX. mendeko paisajistarik onenetakotzat hartua da Joaquim Mir, baita Estatu espainoleko zein Kataluniako margolari nabarmenen artekotzat ere.
Erakusketaren komisarioa Francesc Miralles da -artistaren bizitzan eta obran aditurik handienetakoa- eta ikusgai jarritako lanak 80 baino gehiago dira, horietatik hamabi, publikoki lehen aldiz erakutsiak. «Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa. 1873-1940» bost zatitan antolatu dute, kataluniarraren bizitzako bost etapa desberdinei erantzunez, betiere bere bizileku izanik margolanetan islatu zituen tokiei lotuta: Bartzelona, Mallorca, Tarragonako Camp, El Valles Bartzelonako bailara eta Vilanova i la Geltrú kostaldeko herria.
Bost bizileku, bost eragin
Komisarioak Mir-en obran argiak eta koloreak izan zuten garrantzia azpimarratu zuen Arte Ederren Museoan egindako aurkezpenean, eta «natura beste edozein artista ez bezala interpretatzeko gai» zela nabarmendu zuen. Halaber, margolariaren ibilbide artistikoan bera bizi izandako bost lekuek eragin handia izan zutela nabarmendu zuen «bizi izan zen leku bakoitzean, marrazten zuen natura antzemateko eran aldaketak nabaritzen zituelako». Horren eraginez, inpresionismotik fauvismora, ondoren abstrakziora eta, azkenik, errealismora jauzika aritu zen.
Mirallesek azaldutakoaren arabera, Mir-ek ez zuen Kataluniatik kanpora bidaiatu, beste askok egin zuten bezala, prestakuntza profesionala izateko, «berarentzat ez baitzuen interesik teoria piktoriko jakin batetik abiatuta margotzeak; aurrean zeukan paisaiaren ikuskera propioa izan nahi zuen».
Horrek eragin zuen agian, komisarioaren iduriko, Joaquim Mir beste artistak bezain ezaguna ez izatea, batez ere, Parisen, Erroman edota Berlinen ikasi zutenen aldean, nahiz eta haiekin batera, bere garaiko artistarik handienetakoa izan zen.
«Koloreak eta argiak betetzen dute artista bartzelonarraren obren esparru osoa», berretsi zuen Mirallesek. «Berak bultzatzen zuen filosofia honako esaldian laburbildu zuen: `Nire lanek bihotza alaitzea nahi dut eta begiak eta arima kolorez betetzea'», azaldu zuen, esaldi horrekin «hizkuntza oso pertsonala eta modernoa» sortu zuela gaineratzeko.
Francesc Miralles komisarioaren arabera, Joaquim Mirrek «bizi izan zen leku bakoitzean, marrazten zuen natura antzemateko eran aldaketak nabaritzen zituen», eta koloreak eta argiak izan ziren haren obraren elementu nagusiak.