GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Idazle eta gizon konprometitu eta maitatua

Lan asko eta genero desberdinetakoak idatzi zituen Mario Benedettik, 14 urtez ikasketak utzi eta lanean hasi behar izan zuen idazle eta poeta uruguaitarrak. Ikasketak utzi baina ez ikasteari, eta pilatuz joan zen jakituria behartsuen, zapalduen zerbitzuan jarri zuen. Baina konpromiso horrek bere obra ez ezik, bere bizitza ere hartu zion. Bere sorterrian gizon maitea zen, uruguaitarrek egunotan erakutsi duten bezala. Eta sorterritik kanpo ere bazen maitea, uruguaitarrek bezala errepresio gordina ezagutu eta ezagutzen dutenek haren luma iaio eta zorrotza lagun izan baitute. Horren adibide, Euskal Herrian behin baino gehiagotan «Pedro eta kapitaina» antzezlanarekin ikaratu eta hunkitzeko aukera izan da, hemen arrotza ez den tortura baitu gaia: torturatzailea eta torturatua, aurrez aurre. Egileak, ohi duen bezala, ez du zalantzarako tarterik uzten. Eta bere bizitzan ere ez zuen zalantzarako tarterik utzi. Idazle eta poetak bere aukera egin zuen, asko eta eder idatziz, maitasunaren alde sentsibilitate handiz; bidegabekerien aurka, irmo. Gizonak ere bai, askatasunaren alde eta askatasuna mozten dutenen aurka. Aukera hark atzerrira eraman zuen hainbat urtez, Uruguaiko diktaduraren errepresiotik ihesi. Esan bezala, konpromisoak markatu zuen Benedettiren bizitza, nola idazleak hala gizonak aldean eraman duten konpromisoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo