Epaiketak Hernaniko Udalaren aldaketa ez demokratikoa ekarriko duela salatu dute
Beitialarrangoitiarekin batera Udal Gobernua osatzen duten zinegotziek euskal independentismoa kentzeko oposizioko taldeak «Auzitegi Nazionalarekin elkarlanean» ari litezkeelako susmoa agertu dute.
Oihana LLORENTE |
Marian Beitialarrangoitiarekin batera Hernaniko Udal Gobernua osatzen duten gainontzeko zazpi zinegotziak prentsaren aurrean jesarri eta gogor salatu zuten haren lankidearen kontra etzi Auzitegi Nazional espainolean egitekoa den epaiketa. Helburua gainera, bikoitza dela deritzote hautetsiek: lehena, Beitialarrangoitia alkate kargutik kentzea, eta ondoren, bera ordezkatzeko debekua ezarriz, zortzi zinegotzi zuen taldea, zazpira murriztea.
Ibilbide judizial honek gobernu taldearen «aldaketa ez demokratiko bati ateak irekitzen» dizkiola ohartarazi zuten zinegotzi independentistek. Hala eta guztiz ere, ariketa hau bururaino eraman ahal izateko Madrileko epaitegi berezian hasitakoak Hernanin segida izan behar du eta «koska hor dagoela» nabarmendu zuten agerraldian.
Hernaniko Udaleko oposizio taldeak egungo Udal Gobernua bere zereginetatik baztertzeko egoera honetaz baliatuko diren susmoa agertu zuten zinegotzi abertzaleek, eta joan den maiatzaren 11n, Giza Eskubideen batzordean, udal hauteskundeetako emaitzetan oinarritutako udal-osaketa defendatzen zuen idazkia ekarri zuten gogora. Dokumentuak alderdien konpromisoak biltzeko xedea bazuen ere, ezetza eman zioten EA, EAJ EB eta PPko ordezkariek. PSEkoak aldiz, ez ziren batzarrera bertaratu ere egin.
Horiek horrela, oposizioko alderdiek «eskubide zibil eta politikoei jaramonik egin ez, eta Estatuak garatutako estrategiarekin bat egiteko duten tentazioa» gaitzetsi zuten.
«Maite zaituztegu». Horixe da Beitialarrangoitiak Igor Portu eta Mattin Sarasolari, atxilotuak izanik tortura larriak salatu zituzten lesakar gazteei, eskainitako maitasun adierazpena, eta Auzitegi bereziak Hernaniko alkatea auzipetzeko erabili duen aitzakia. Atzoko agerraldian, maitasun adierazpen hori idatzita zuten pinak zeramatzaten soinean zinegotzia abertzaleek. Era berean, udaletxean barna «Demokrazia Euskal Herriarentzat», «Non dago adierazpen askatasuna?» eta «Utzi bakean gure alkatea» zioten kartelak ikus zitezkeen, bertako alkatearekiko elkartasunaren seinale.
Herritarrek Beitialarrangoitiari babesa eskaintzeko antolatutako ekimenekin bat egin zuten atzo Udal Gobernua osatzen duten zinegotziek. Besteak beste, argi itzalketa antolatu dute herriko alkateari babesa eskaintzeko. Zehazki, bihar 22.00etatik 22.15era itzaliko dira udaletxeko argiak eta era berean, nork bere etxean ere hori egitera gomitatu zituzten biztanleak. Bukatzeko, ostegunean bai Madrilen eta bai Hernanin, alkatearekin bat egiteko deia luzatu zieten.
Hernanikoa Euskal Herrian bizi den salbuespen egoeraren adibidea bat dela esan, eta gurean gertatzen diren eskubide urraketak «oso larriak» direla nabarmendu zuten. Euskal independentismoaren kontra erabiltzen diren bitartekoak gainera, inguruko gizarteen zuzenbide estatuaren edukiarekin «bat ez datozela» gaineratu zuten.
Herriko alkateari elkartasuna helarazteko argi itzalketa antolatu du Udal Gobernuak. Hitzordua bihar izango da, 22.00etatik 22.15era, Beitialarrangoitia Auzitegi espainolean epaitu baina ordu batzuk lehenago.
Horiexek dira, Beitialarrangoitia bozkatu zuten hernaniarrak eta orain bera buru duen Udal Gobernua «amildegitik behera bota nahi» dutela salatu zuten.