GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Estatu frantsesa, Flandria eta Danimarka izan dira egunotako geltoki, gazte independentisten biran

p016_f02_312x321.jpg

GARA |

Gazte independentistek Europan zehar abian duten bira, Estatu frantsesera, Flandriara eta Danimarkara iritsi da asteburu honetan. Makina bat eragilerekin solastatzeko aukera izan zuten euskal gazteek eta Euskal Herrian abian dituzten borrokak aurkeztu eta Estatu espainol eta frantsesaren eskutik bizi duten kriminalizazioa ere ezagutarazi zieten.

«Herrien Europa gazte eta errebeldea» leloarekin ezagutarazi duten bira Parisen dagoen CICP zentroan izan da; preso korsikarren alde lan egiten duen Sulidaritá eragilearekin; Nanterreko Unibertsitateko ikasleekin eta Pariseko Euskal Herriarekiko Elkartasun komitearekin bildu da. Era berean, Georges Ibrahim Abdala, Palestinaren alde borrokatzeagatik Estatu frantsesean 25 urte preso daramatzan komunista libanoarraren aldeko ekitaldi politikoan parte hartzeko aukera izan zuten euskal ordezkariek.

Beraiekin guztiekin Euskal Herriaz eta bertako gazteriak bizi duen egoeraz mintzatzeaz gainera, gazte independentistek azaldu bezala, beste herrialdeetako gazte errealitate eta borrokez ikasteko baliatzen ari dira bira hau. Horiek horrela, «Pariseko eraso sionistak, paperik gabekoekin solidarioen kartzelatzeak, Flandriako afera, Bruselako estatus berezitua, Palestinarekiko elkartasuna, ikertzaileen protestak...» gertutik ezagutzeko beta izan dutela nabarmendu dute komunikabideei igorritako oharrean.

Danimarkara ere iritsi da bira, eta bertan, Kopenhageko enbaxada espainolaren aitzinean kontzentrazioa egin zuten gazte independentistek, Danimarkako eragile ezkertiar anitzekin batera. Hala, Estatu espainolak «inposatzen duen `salbuespen egoera' salatu zuten, eta bereziki asteburuan bertan gertatutako II-SPren legez kanporatzea.

Maiatzaren Lehenean Zurichen abiatutako birak ibilbide luzea du oraindik ere egiteko. Hurrengo asteetan zehar Finlandia, Suedia, Italia, Herrialde Katalanak, Galizia eta Gaztelara iritsiko dira gazte independentistak.

Bira honek Gazte Martxaren bezperan Kanbon egindako nazioarteko topaketak ditu oinarrian. Orduan, Europa osoko makina bat gazte eragile izan ziren Euskal Herrian, euskal gazteen lana bertatik bertara ezagutzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo