GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

BERRIA | Pello Urzelai 2009/5/28

Itxita, badaezpada

Hamaika urte geroago iritsi da 18/98 auziko behin betiko epaia. Behin betiko zigorrak orain ezarri ditu Auzitegi Gorenak, auzi judiziala hasi zenetik 11 urte igaro eta gero. 11 urteko prozesua (atxiloketak, itxierak, espetxealdiak...) nahiko zigorra izan ez bailitzan, guztira 291 urteko espetxe zigorra ezarri du, 38 lagunentzat. Hori da Egin-eko langile ohiek gogora ekarri duten lehen puntua.

(...)Auzitegi Gorenak ebatzi du Orain SA legez kanpokotzat jo eta desegin izana -beraz, neurri handi batean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi izana ere- gaizki egin dela, eta, ondorioz, baliogabetu egin du Auzitegi Nazionalak bere garaian Egin ixteko erabilitako argudio nagusia. Auzitegi Gorenak zuzendu beharreko akats horiek -auzibidezkoak izan edo auziaren mamiari buruzkoak izan- agerian utzi dute auzi honen oinarri politikoa. Garai hartako Barne Ministerioaren helburu politikoa Egin ixtea zen, eta horren arabera josi zuten jantzi juridikoa. A posteriori egindako janzki horretan urradurak begi bistan gelditu dira orain.

(...) Garzon epaileak Orain SA elkartearen jarduera eten eta Egin ixteko ETAko kide gisa inputatu behar zituen administrazio kontseiluko kideak, eta horrela egin zuen. Baina prozesuaren amaieran, kide horiek -bat izan ezik- libre gelditu dira kide izateko akusazio horretaz. Beraz, argi ikusten da Egin ixtea zela guztiaren helburua -auziaren atal horri dagokionez-.

Hasieratik sumatu zen operazio haren bidez bueltarik gabeko ondorioak eragin nahi zituztela. Horrela, 1999ko uztailean, Garzonek berak altxatu zituen Orain SA elkartearen kontrako jarduera eteteko badaezpadako neurriak. Baina baldintza bat jarriz: enpresaren bideragarritasun ekonomikoa, erabakia administratzaile judizialaren esku utziz. Baina Egin urtebete itxita edukitzeak eragin zuen enpresak ordainketa etetea izatea, eta administratzaile judizialak ondorioztatu zuen egunkaria berriz argitaratzea ekonomikoki ezinezkoa zela. Hura ere adibide argi bat izan zen, badaezpadako neurrien funtzio garrantzitsuena helburu politikoa lortzea zela ikusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo