ARGIA | Xabier Letona
ETA publikoki agertu da hausnarketara
(...) [ETA erakunde armatuak Garari eskainitako] elkarrizketa luzean denetarik jorratzen da, halakoetan ohikoa den legez, baina bereziki azpimarratzen da egoeraren desblokeoa «herri honen eskubideak aintzat hartzen dituzten indarren dispertsioaren amaieratik eta beren aktibaziotik» etorriko dela. Aitortzen du garai luzean desblokeo horretarako EAJren zain egon izan dela, baina jadanik barneratu duela «PNVri itxoiten aritzea alferrik dela». Alde horretatik, egoki ikusten ditu ezker abertzaleak «bere herri proiektua eta Euskal Herria eskenatoki demokratiko batera eramateko burutu ditzakeen hausnarketa eta argipenak».
Adierazpen hauek guztiak bat etor daitezke azken hilabete luzeetan ildo subiranistaren inguruan egiten ari diren hausnarketekin. Joan den asteko Argian, esate baterako, Sabin Intxaurraga EAko buruzagiak apustu horren aldeko mezua luzatu zuen (...).
ETAren elkarrizketan, beraz, ez da berrikuntzarik alde horretatik, askotan aipatu baititu halakoak, baina testuinguru politiko honetan, badirudi ezker abertzale osoak berretsi egiten duela EAJtik ezkerrera diren indar soberanisten metaketaren bidea. (...)
Europako hauteskundeetako kanpaina aurrera doa, ia oharkabean bada ere. Europar Batasun osoan abstentzioa oso handia izango dela ez da zalantzarik, eta oro har, partehartzeak ez atzera egitea da agintarien helburu nagusia. Espainian, gainera, Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna-ren (II-HE) kasua ere hor dago (...). Ekainaren 7an gehien begiratuko diren datuetakoak izango dira.
Aukera politiko bat da legez kanpoko ezker abertzalearentzat, baina horrek, dena den, ez du inondik inora konpontzen Alderdien Legeak ekarritako eskubide urratze larriak. El Diario Vascok igandean azaltzen zuenez, Auzitegi Konstituzionalak II-HEri buruzko epai honekin Estrasburgoko Auzitegiak ilegalizazioei buruz eman behar duen epaia baldintzatu nahi du, besteak beste, Auzitegiak ezker abertzaleari arrazoia ematea zailduz. (...)
Jon Anzaren desagerpena ere apurka ari da egiten lekua informazioaren eguneroko agendan. (...) Hipotesi denak airean dira, baina ez litzateke Espainiako segurtasun indarrek desagerketekin zerikusirik duten lehen aldia.