GARA > Idatzia > > Kultura

Aitzineuskara berreraikiz jarraituko du Joseba Lakarra euskaltzain osoak

Arratzun, bere jaioterrian, egin zuen atzo Joseba Lakarra euskaltzain osoak bere sarrera ekitaldia eta, egun berezi horretarako, «Aitzineuskara birreraikiaz: zergatik ezkerra?» hitzaldia aukeratu zuen. Egile ez ezik, eragile ere badela azpimarratu zuten Santo Tomas elizaraino bertaratu ziren senide, lagun, agintari eta euskaltzainek.

p048_f01_128x96.jpg

Ane ARRUTI | ARRATZU

Lanean segitzeko gogoa eta indarra baduela erakutsi zuen atzo Joseba Lakarra (1962, Arratzu) euskaltzain osoak bere sorterriko Santo Tomas elizan egindako sarrera ekitaldian. Bertan bildu ziren, senide eta lagunez gain, Blanca Urgell Kultura sailburua eta ikerketetan kide izandakoa, Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, edota Juan Mari Torrealdai edo Miren Azkarate euskaltzainak.

Joseba Lakarrak, orain arte bere ikerketa lan ezberdinen xede izan den aitzineuskararen azterketa sakontzeko proposamen berria luzatu zuen bere hitzaldian, «erroen eta hitzen ezker aldea bereziki miatzea», hain zuzen.

Euskal filologian lizentziatua, 1994an lortu zuen doktore maila eta 2005etik euskararen historia eta euskararen gramatika historikoaren katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. 1991. urtetik euskaltzain urgazle izan da Lakarra. Duela bi urte, berriz, Xabier Kintana, Jose Antonio Arana Martija eta Jose Luis Lizundiaren proposamenez, euskaltzain oso izendatu zuten Sagrario Alemanekin batera.

Eliz atarian eskaini zioten aurreskuaren ondotik, Josu Sabin Olano Arratzuko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman zioten hasiera ekitaldiari. Urrutiak adierazi zuenez, «egile ez ezik, eragile ere bada Joseba Lakarra. Horrelakoak behar ditu gure akademiak, euskararen inguruko ikerketak aurrera egin dezan». Ondoren, Aurelia Arkotxa eta Jose Luis Lizundia euskaltzainek lagunduta sartu zen elizara Lakarra, eta bere sarrera-hitzaldiari hasiera eman zion.

Erroen eta hitzen ezkerraldea

«Aitzineuskera birreraikiaz: zergatik ezkerra?» tituluari erantzuna maisuki eman zion arratzuarrak. Orain arteko eboluzioa eta hemendik aurrerako helburu eta beharrak aipatu zituen. Koldo Mitxelenaren «lan filologiko eta diakroniko bikaina» nabarmendu zituen eta hark bere ikerketetan azpimarratu izan ohi zuen bezala, «kontsonanteei dagokionez, birreraiketarako kokagunerik zailena ezker-muturra dela» azaldu zuen. Hala ere, bere proposamena harantzago doa: «Mitxelenaren paradigma zabaldu eta gainditu beharra» nabarmendu zuen. «Gutxi da hotsei dagokienez aldatu beharrik Mitxelenaren ikerketetan: oharren bat han-hemen. Hotsetarik hitzetara edo morfemetara abiatzen bagara, nabarmena da maisuak horri ez ziola hainbesteko arreta eta jardunik eskaini, ulerterraz ere delarik hori edozein diakronistarentzat», erantsi zuen.

Lakarrak argi utzi zuen amu horri helduko diola aurrerantzean ere. «Zailtasun horiek bertan diren irregulartasun ugarietatik datozelarik, guztiz erakargarri bilakatzen dira aztertzailearentzat, irregulartasunen azterketa baita aitzinamendu-bide nagusia hizkuntzen diakronian».

Erroen eta hitzen ezkerraldea

Jose Antonio Arana Martijak hartu zuen hitza ondoren, arkaismoez jarduteko. «Gabon kantak eta arkaismoen bestelako mintegiak» izan zen bere hitzaldiaren xedea eta gabon kanten lexikoa eta egitura aztertu zituen. «Euskalki guztietan galdu diren hitz zaharrok, arkaismo absolutuak deitzen dira. Arkaismo erlatiboak izaten dira euskalki batzuetan bizirik mantentzen direnak. Dena den, erudituek baztertzen dituzte, eta herria da erabiltzen dituena. Ahoz gordetako mito eta kantuetan bizirik jarraitzen dute, eta erran zaharretan, hots, paremiologian».

Bukatzeko, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta domina eman zizkion Lakarrari, honek euskaltzain oso izateari zin egin ondotik. Bertaratutako euskaltzainek banan-banan zoriondu ondoren, Dorleta Alberdi arratzuar, euskaltzain urgazle eta kazetariak, Juan Bautista Bilbao Batsi arratzuarraren pasarte bat irakurri zuen eta herriko abesbatzak pare bat kantu eskaini zizkion. Opariak ere jaso zituen: alkatearen eskutik idazluma bat jaso zuen, EHUko Letren Fakultateak Ines Gonzalez de Zarateren eskultura bat eta bertako ikerketa-taldeko lankideek, Koldo Mitxelena jubilatu zeneko agurrean egindako argazkia. Azken opari hori, Blanca Urgel ikerketa-taldeko kideak eman zion.

«EZKERRETIK»

«Ezker-muturra da hainbat kontsonanteri dagokionez birreraiketarako kokagunerik zailena. Zailtasun horiek bertan diren irregulartasun ugarietatik datozelarik, guztiz erakargarri bilakatzen dira aztertzailearentzat», azaldu zuen Lakarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo