Bigarren B maila
Oraingoan Real Unionek ez du huts egiterik
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Oraingoan ez dago hutsik egiterik, bestela datorren urtean ere Bigarren B Mailan jokatu beharko du Real Unionek. Horren berri ederki dakite Iñaki Alonsok zuzentzen dituen mutilek, eta gaur Sabadellen zelaira emaitza on bat lortzeko asmoarekin aterako dira.
Cadizen aurkako porrota kolpe handia izan zen zuri-beltzentzat, baina astean zehar argi eta garbi utzi dute hura guztia ahaztuta dutela, eta lehen partidutik gogor saiatuko direla hemendik hiru astetara Bigarren Mailan egoteko asmoarekin.
Horretarako ezinbestekoa izango da gaur emaitza ona lortzea, eta, ahal bada, golik hartu gabe itzuli beharko dira, horrela ekainaren 6an Galen gauzak errazago izango baitira. Aurrez aurre talde on bat izango dute, izen handikoa, Bigarren A Mailan urte asko emandakoa, eta Lehen Mailan ere jokatutakoa.
Azken denboraldi hauetan, ordea, Sabadellek beherako bidea hartu du, diru arazoak ere izan ditu, eta Hirugarren Mailan ere ez da egon zaharra. Hala ere, berriro ere izan zirena izan nahi dute zuri-urdinek, eta aurten Bigarren Mailara itzultzeko erronka dute. Igoera fasea jokatzeko txartela doi-doi lortu zuten, azkeneko jardunaldian, baina, kontuak kontu, hemen daude. Lehen kanporaketa, gainera, gainditu egin zuten Leonesa menderatuta, eta horixe hartu beharko dute kontuan gipuzkoarrek.
Izan ere, Leonesa bigarren geratu zen irundarren multzoan, eta kataluniarrak gai izan dira leondarrak menderatu eta kanporatzeko. Hala ere, Real Union gehiago da, eta horixe erakutsi beharko luke gaur Nova Creu Alta zelaian, aurreko partidek ez baitute ezertarako balio. Dena dela, garbi dago presioa gipuzkoarrena dela, eta horrekin jokatu nahi dute Sabadellekoek. Zelaia ere handia da, eta gaur harmailetan jende asko izango da. Hala ere, horrek ez du zertan arazo izan behar irundarrentzat.
Iñaki Alonsok hamazazpi gizon eraman ditu Katalunia aldera, eta hamaikakoa honako hau izan daiteke: Otermin, Gurrutxaga, Gabarain, Iglesias, Berruet, Aitor Sanz, Beobide, Quero, Abasolo, Eneko Romo eta Goikoetxea. Sabadellen hamaikakoa, berriz, honako hau izan daiteke: De Navas, Jaume, De la Plata, Pelegri, Agustin, Mejias, Sergio Iglesias, Axel, Juvenal, Joel eta Pradas. Partida 19.00etatik aitzina jokatuko da, eta partida zuzenean eskainiko du Euskal Telebistako lehenengo kateak.