Europako legebiltzarrerako hauteskundeak
Telletxea: «Emaitzak onak izan dira PNBrentzat, baina baita gainontzeko abertzaleentzat ere»
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Jean Telletxea PNBren Euskadi-Europa zerrendako burua eta Txaro Goikolea eta Gaxuxa Elhorga bere kideak pozaren pozez agertu ziren atzo, Baionan, igandean erdietsitako emaitzen balorazioa egitaan. Lehen aldiz hautagaitza propioarekin aurkeztu diren honetan, «parioak merezi zuela» ondorioztatu dute lortutako 4.275 bozak ikusita (3.101 Ipar Euskal Herrian). «Emaitzak onak izan dira guretzat baina baita, oro har, Iparraldeko gainontzeko abertzaleentzat ere», esan zuen Telletxeak, EHAren emaitzak aipatuz eta, kontaketa orokorraren baitan Europe Ecologie zerrenda babestu duten AB eta EArenak bereizi ezina deitoratuz, «erabateko ikuspegia ez dugulako».
Emaitza hoberenak zinegotziak dituzten herrietan eskuratu dituztela esan zuen Telletxeak eta, hautetsirik ez izan arren, Hazparnekoak ere nabarmendu zituen, «han militante talde gazteak lan handia egin duelako». Halere, zerrendaburu jeltzalea «minduta» azaldu zen zenbait hautes-bulegotan, Uztaritzeko batean kasu, beren boto-paperik ez zegoelako.
PNB «kalitatezko kanpaina» egin duelakoan dago: «Talde eraginkorra osatu dugu lehengoko eta oraingo belaunaldi berrien artean eta gustura egin dugu lan. Gainera, gure mezua argia izan da, abertzalea eta gertukoa. Hartu-eman interesgarriak izan ditugu hainbat eragilerekin». Horien artean Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin izandako «topaketa luzea» nabarmendu zuten etorkizunean elkarlan «eraikitzailea» bideratzeko baliagarria izango dela gehituta.
Bilbao, «gertuago»
Abstentzioa «izugarriaren» gainetik PNVko Izaskun Bilbaok europarlamentari kargua lortu duelako «pozik» daude: «Guretzat hautetsi gertuena da, baita geografikoki ere, Lamassoure Frantziarentzat lan egiten duen diputatua baita».
Azkenik, berrikitan barne mailan PNBk izan dituen gorabeheren ondotik, kanpainan «lan giro sanoa, lasaiagoa eta demokratikoagoa» eskuratu dutela eta «lozorroan zeuden gaitasunak agertu» direla adierazi zuten.
Aunque no es posible delimitarlo, el peso del voto abertzale en los resultados logrados por Europe Ecologie fue reconocido como «muy importante».