Xabier Izaga Irakaslea
Mugagabea
Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean hamaika irregulartasun salatu dituzte. Ez hamar gehi bat, kopuru mugagabea baizik. Aurkitutako frogen eta zantzu guztien arabera, irregulartasun gehien-gehienek hautagaitza berberarekin dute lotura; hala ere, azalpenak eman beharko lituzkeen ministroak oraindik ez du hartarako aukerarik izan. Jakina, ministro batek, gobernu batek, gauza inportanteagoak ditu gardentasun demokratikoa kolokan dagoenean azalpenak ematea baino. Joan den larunbatean, esate baterako, Barne ministroak Guardia Zibilaren operazio bat azaldu behar izan zuen, epaileak autoan baino zehatzago azaldu ere. Orain dela urtebete atzemandako dokumentazioari esker, orain dela bi urte Huelvako kartzelatik ihes egiteko plana eragotzi omen dute.
Bistan da botereen propagandarako zaletasuna -eta beharra- ere mugagabea dela. Igandean Polizia espainolak Lander Fernandez atxilotu zuen. Baina, kasu, Ertzaintzaren ikerketaren ondorioz atxilotu zutela argi utzita. Patxi Lopezek behin eta berriz esana zuen terrorismoaren aurkako borroka bere Gobernuaren lehentasuna izango zela. Eta luze gabe hasi da nabaritzen ertzainen lan askoz ere eraginkorragoa, hizkuntza eskakizunen zamak ez duela beren borrari lotutako etorkizuna baldintzatuko dakitenetik, hain zuzen. Lander Fernandezi duela zazpi urtetik gorako kale erasoak egotzi dizkiote, Estatu frantseseko kartzeletan bost urteko kartzela zigorra bete ondoren. Ulergarria da, ordea: ertzain koitaduek nahikoa eta larregi zuten euskal mugagabea menderatzen saiatzea eta, horrenbestez, ezin zituzten gaizkileen ibili okerrak ikertu. «Gizon» eta «emakume» ala «gizona» eta «emakumea»...? Ez bata ez bestea: terrorista, horretara ez dago mugatzailea sobera edo faltan ipintzeko arriskurik eta, bide batez, inoiz ez dute gizon-emakumerik torturatuko.
Ulergarria da, halaber, Perez Rubalcabak, administrazio-gizona izaki, Jon Anzak aldean zeraman diruarekin hanka egin zuela hipotesirik logikoena dela uste izatea. Gainerakoak, asmakeriak. Ministro jaunaren kopeta -eta hau ez da hipotesia, frogaketa enpirikoa baizik- mugagabea da (ez naiz ile faltaz ari). Eta gure eztarriak ere mugagabea behar luke ministroaren errotarriekin komekatuko bagenu.