GARA > Idatzia > > Ekonomia

Kronika | Krisi ekonomikoa

«Grebaren ondoren borrokan jarraitu behar da, lantokietan eta kalean»

Kaleratzeak, enpresa itxierak, mehatxuak, soldata murrizketak, espedienteak; milioika euro bankuentzat, zerga txikiagoak gehien dutenentzat... Pasa den maiatzaren 21ean «nahikoa da!» esan zuten milaka euskal herritarrek sei sindikaturen greba deialdiaren bidez. Grebaren hurrengo eguna, eta hurrengoa, pasa dira jada. Eta orain zer? Orain «borrokan jarraitu behar da», eragile sozialen eta sindikatuen indarrak metatuz aurrera egiteko garaia da.

p031_f01_199x076.jpg

Amaia ZURUTUZA

Eta grebaren ondoren zer? Batek baino gehiagok egingo zuen galdera hau pasa den maiatzaren 21az geroztik. Ostegunean, Oarsoaldea Abian plataformak hitzaldia antolatu zuen galdera honen inguruan, eta LABeko Amaia Almiral eta ESK-ko Angel Abalderen eskutik, herritarren parte-hartzearekin uztartuta, eztabaida piztu zen.

«Jarraitu egin behar da», esan zuen Almiralek. Greba orokorraren deialdi arrakastatsuaren ostean eta Euskal Herrian dagoen mobilizatzeko gaitasuna ikusita, borrokan jarraitu behar dela adierazi zuen, enpleguaren eta aberastasunaren banaketaren defentsan.

«Baina, nola?» galdetu zuen batek. «Nola lortu borroka mantentzea?». Izan ere, sindikatuen mugimenduei so, lantokietan arazoek ugaritzen jarraitzen dute egunero. Erregulazio espedienteak, kaleratzeak, presioak, mehatxuak... Bai Almiralek, bai Abaldek lantokietan egin beharreko borroka nabarmendu zuten. Enplegu duinaren aurka egiten duten lantokietan langileak borrokara lotu behar direla azpimarratu zuten.

«Kaleratze bat, erantzun bat», esaten omen zen garai batean, langile mugimenduaren borroka urte luzeetan.

Almiralek, gainera, une honetan eragile sozial edo herri sektore eta sindikatuen artean metaketa bat lortu behar dela esan zuen; herrietan borroka ezberdinak piztuz, krisi egoeran dauden lantokien arteko elkarlana bultzatuz, langileen borrokak indartzeko laguntza sareak sortuz... Hala, eremu sindikaleko eta sozialeko indarrak batuz.

Zentzu honetan eredu sindikal erasokor baten alde azaldu zen, greba orokorraren deialdira begira egin zen moduan, «langileria piztu eta aldi berean beharrak dituzten kolektiboak aintzat hartuko dituen eredua, lantokietan eta horietatik kanpo ere garatuko dena».

Estatu frantsesean burutu izan dituzten grebak ekarri zituen gogora hitzaldira bertaratu zen gizon batek. Hasieran urtean bat egiten zutela, gero maizago, eta ondoren greba luzeagoak. Eta halaxe iritsi zen Martinika irlaren aipamena ere, ia hilabetez greban, geldituta izan den irla. Sindikatu eta herri eragileak ados jarri ziren han, urte hasiera honetan, eta izugarrizko plataformak sortu zituzten, ia hilabete osoko greba orokorra eginez eta irla erabat geldituz.

Hemen, egoera sozial edo ekonomikoa ardatz hartuta ez dira hain ugariak izan greba orokorreko ekimenak, baina nabarmendu zuten moduan, «bidea egiten ari gara», borroka indartzeari begira. Azaldu zutenez, beraz, borroka, eta bere baitan mobilizazioa nahiz lan ideologikoa ezinbestekoak dira. Borroka, langileen eta herritarren borroka. Herrian, lantokian, eskualde mailan nahiz nazio mailan.

Borrokaren zentzu edo norabideari dagokionez, hamaika aldarrikapen zabaldu zituzten sindikatuek greba orokorraren baitan, herritar ororentzat kalitatezko enpleguari, duin bizitzeko zerbitzu publikoei, nahiz, era orokor batean esanda, aberastasuna denon artean banatzeari erreferentzia egiten ziotenak. Hitz nagusi baten baitan bildu zituen Almiralek, baita greba orokorraren deialdiak berak ere, aldarrikapen hauek: aldaketa. Ereduaren aldaketa, erabakien norabidearen aldaketa.

Beren helburu estrategikoa aldaketa sakonak eskuratzea dela azaldu zuen ordezkari sindikalak. Zentzu honetan, grebak «aldaketa» hitza mahai gainean jarri duela baieztatu zuen, eta honekin batera krisiaren inguruko beste ikuspuntu bat gorpuztu dela.

Askok salatu duten bezala krisi egoera hau urrutitik edo inondik etorri dela, besterik gabe, inor arduradun izan gabe, diotenen diskurtsoaren parez pare. Eta gogorarazi zuten aldaketa sozialak gauzatzeko, aldaketa politikoak behar direla. «Aldaketa sozialak lortzeko bidean aldaketa politikoak behar ditu herri honek», esan zuten.

Batasun sindikala

Maiatzak 21eko deialdiari begira lorturiko batasun sindikala hizpide hartuta, batasun hori sendotzeko beharra eta eragile sozialekin handitzekoa azpimarratu zuten. Ildo honetan azaldu zuen lanean dabiltzala zentzu horretan, eta udara garai onena ez bada ere, espero dutela laster arlo honetan aurrerapenak lortzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo