Sokatira Euskal Herrikoa
Goiherrik eskuetan dauka denboraldiko bigarrena
Maeztun, Araban, jokatuko da 640 kilotako azken ekitaldia.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan, amaiera izango da 640 kilotan. Bihar Maeztun, Araban, jokatuko da pisu honetako azkeneko jardunaldia, 11.00etatik aurrera..
Bertan, honako talde hauek parte hartuko dute. Goiherri A, Gaztedi, Mutriku, Areso, Goiherri B eta Getxo. Biharko jardunaldia falta da, eta matematikoki ezer erabaki gabe badago ere, txapelketa ia erabakita dagoela iragar daiteke.
Goiherri A doa lehen postuan, bigarren sailkatuari, Gaztediri, bi punturen aldea kenduta, eta lau puntu eta erdi, berriz, hirugarrenari.
Kirolean ezusteak gutxitan izaten dira, eta oso zaila dirudi Goiherri txapelik gabe geratzea. Horretarako laugarren postutik atzera geratu beharko luke, eta Gaztedik, berriz, irabazi. Berdeak hirugarren geratuko balira, eta Gaztedi lehenengo, berriz, berdinketa izango litzateke eta kitarakoa jokatu beharko litzateke bi talde horien artean.
Hala ere, ia ezinezkoa dirudi horrelako zerbait gertatzea; gainera, orain arteko saio guztietan Goiherri beste talde guztien gainetik agertu da. Bigarren postua ere erabakita dagoela dirudi, zaila izango baita hortik Gaztedi kentzea. Lehia hirugarren posturako egon liteke, Mutrikuren eta Aresoren artean, puntu baten aldea baitago bien artean
Sega
Nazioarteko erako segalaritzan, Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, 11.00etatik aurrera Donazaharren, Nafarroa Beherean. Gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatuko dira. Mutilek 100 metro karratuko sailak moztu beharko ditzute, eta emakumezkoek, berriz, 35 metro karratukoak. Gabirondo, Lizaso eta Garin dira faboritoak.