Harri-jasotzea
Irigoienek 200eko kopa izango du marka egiteko
J.L. | DONOSTIA
Aimar Irigoienek beste marka saiakera bat egingo du gaur, 18.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan ospatuko den Harri Festa jaialdian. Errezildarrak 200 kiloko zilindro kopa erabiliko du, eta lanean aritzeko, hiru minutuko bi txanda izango ditu.
Harri honekin oraindik markarik ezarri gabe dago, eta Aimarrek handi bat jarri nahi du. Erreferentzia 175 kilotan dago, hura erabiltzen baita txapelketetan, eta horrekin markarik handiena Irigoienek berak dauka, hiru minutuko txanda bakarrean 18 jasoaldi baitauzka emanak.
Hala ere, erreferentzia hori oso baliogarria ezin da izan, izan ere, beste harri batzuk ere erabili behar izaten baitituzte txapelketetan, eta gaur horretara bakarrik joanda, eta Aimar ezagututa, pentsatzekoa da marka handia ezarriko duela.
Harriak jasotzen ez da soilik errezildarra ibiliko, Miren Urkiola ere lanean arituko baita. Bizkaitarra erakustaldi dotore bat egiteko asmoarekin bertaratuko da.
Hala ere, gaur Tolosara doanak ez du marka saiakera hori bakarrik ikusiko. Gizon probako saio bikain bat ere jokatuko baita, San Juan saria, eta modan jarri den kirol honetaz gozatzeko parada izango da. Hiru talde izango dira nor baino nor. Zumarraga, Tolosaldea eta Usurbil-Orio. 20 minutu izango ditu talde bakoitzak lanean aritzeko, eta 1.000 kiloko harriarekin ahalik eta metrorik gehien egitea izango da helburua. Horiez gain, harri-zulatzeko saioa ere izango da. Alde batetik Jaizubia eta bestetik Altzo neurtuko dira. Hondarribikoek aurten Euskal Herriko Ligan ez parte hartzea erabaki dute, nahiz eta txapeldunak izan, eta gaurkoan beraiek ikusteko modua izango da.
Tolosatik aparte, baina harriarekin jarraituz, Muskizen, gaur 19.00etatik aurrera harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia jokatuko da.
Gallarta, Trapagaran, Ortuella, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes eta Kz Kolpeka neurtuko dira. Orain arteko hiru saioetan Txorierri izan da nagusi.
Aduna
Harriak asteburu honetan protagonismo nagusia hartuko du herri-kirol munduan, bihar ere horren inguruan antolatutako jaialdia izango baita, Adunan, 18.00etatik aurrera.
Bertan, Gorostidi Harria Txapelketa antolatu dute aurten ere. 185 kilotako zilindro zaharra izango da esku bakar batekin erabiltzeko, eta horretarako bost minutuko bi txanda izango dira. Bere garaian Iñaki Gorostidik egin zuen marka, eta ikusiko da, ea gaur bertara joan eta harria jasotzen ahalegintzen den inor. Aimar Irigoien ere bertan izango da erakustaldi bat egiten, baita Joseba Ostolatza ere.
Horretaz gain, Joxemari Mendizabal aizkolari beteranoa ere lanean izango da, aurrean zutik jarritako hiru enbor handi izango baititu, marka pertsonal bat egiteko. Oso jaialdi erakargarria prestatu dute.