Europar Batasuna, demokraziari muzin egiten
Azkenean, Irlandako Gobernuak Lisboako Ituna berresteko prozesua berriro ireki ahal izateko Europar Batasunari exijitzen zizkion baldintzak lortu ditu. Era horretan, irlandar gizartean Itun horretatik kezka eragiten omen zuten gaien aurrean -neutraltasun militarra, autonomia fiskala, Batzordean kargu bat eta abortuaren auzia, batez ere- blindatzea lortu du Brian Cowen Taoiseach-ak. Ordainetan, datorren irailean duela urtebete galdu zuten erreferenduma errepikatuko dutela agindu du Cowenek. Eta, bere esku ez dagoen arren, baldintza hauek beteta galdeketa berria irabaziko dutela iragarri du. Harrokeria politikoaren zeinu argia, edonondik begiratuta ere.
Harrokeria politiko hori izan zen aurreko erreferendumean irlandar nahiz europar agintariak galbidera eraman zituena. Lisboako Itunaren puntu zehatzak baino askoz ere gehiago -herritar gehienek ez baitzekiten zehazki zer esaten zuen Itunak-, agintarien harrokeria izan zen ezezkoaren posizioa indartu zuena. Nolanahi ere, egia da maila baxuko demokrazia honetan irudiak asko balio duela, eta EBk eta Irlandako Gobernuak beren esku dagoen guztia egingo dutela irlandar herritarrek duela urtebete esan zutena aldarazteko. Atzo Bruselan hartutako neurriak bide horren lehendabiziko urratsa dira. Adi egon hurrengoetara, irlandarrak; baita gainontzeko europarrak ere.