GARA > Idatzia > > Mundua

Aurten 1.020 milioi pertsona izango da munduan gosez, iaz baino gehiago

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAOk) ohartarazi zuen 2009an 1.020 milioi pertsonak gosea jasango duela. Aurten jateko nahikorik izango ez dutenen kopurua %11 areagotuko da, munduko krisi ekonomikoaren eraginez, hein handi batean.

GARA |

«Gizateriaren historian lehen aldiz, mila milioitik gora pertsonak, zehazki 1.020 milioik pairatuko du malnutrizioa 2009an», ohartarazi zuen Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAOk) elikadura segurtasunaren gainean eginiko txostenean. «Iazko datuekin alderatuta, aurten ehun milioi pertsona gehiagok jasango du gosea. Munduko biztanleriaren seirena da hori, gutxi gorabehera», gaineratu zuen.

Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Departamenduaren aurreikuspenek diotena oinarri hartuta, «malnutrizioa pairatzen duten pertsona gehienak garapen bidean dauden herrialdeetan bizi dira». Asia eta Pazifikoan, 642 milioi pertsonek izango dute gosea; Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan, berriz, 265 milioik; Latinoamerikan eta Kariben, 53 milioik; Ekialde Hurbilean eta Afrikako iparraldean, 42 milioik; garapen bidean dauden beste herrialdeetan 15 milioik.

1995etik 1997ra, 873 milioi pertsonek izan zuten malnutrizioa. 2004tik 2006ra, kopuru hori areagotu egin zen, 963 milioira. 2008an egoerak zertxobait hobera egin zuen, 963 milioitik 915 milioira murriztu baitzen. «Elikagaien banaketa hobe batek» ahalbidetu zuen murrizketa hori. Baina munduko krisi ekonomikoak, elikagaien eta erregaien krisialdiarekin batera, gosetearen mapa larriagotu du.

Kateatutako krisiak hiriguneetan bizi diren behartsuei edo baliabide urrikoei egingo die min gehien, esportazioak eta kanpoko inbertsioak behera egitean, langabezia handituko da-eta. Nekazari guneek, berriz, hirietatik bueltan doazenen beharrei aurre egin beharko diete.

Gosea eragiten duten faktoreei aurre egitea premiazkoa dela nabarmendu zuen FAOk.

hitza bete ezinik

Elikaduraren Munduko Gailurrak 1996an adostu zuen gosea jasaten dutenen kopurua erdira murriztea. Nazio Batuek iaz Erroman eginiko gailurrean helburu hori berretsi, eta 2015. urtea jarri zuten epetzat. Esandakoa betetzea ez dela posible izango ohartarazi du FAOk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo