GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Luken Otxoantesana eta Imanol Oruemazaga (*) Etxerat eta amnistiaren aldeko mugimenduko kideak, hurrenez hurren

Presoen aldeko Ondarroako herri borroka baten historia

Udalburu jauna, presoen argazkiak ote dira Ondarroako kaleetako hormak zikintzen edo itsusten dituzten orri edo propaganda bakarrak? Ala ez ote zara zeu ere Herrizaingo Sailaren -azken batean, Madrileko agintarien- morroi bihurtu?

Iragan den larunbatean Euskal Preso Politikoen Etxekoek kanpaina zehatza eta zabala iragarri digute gertu daukagun uda aldirako: «740 euskal presoen argazkiek Euskal Herria bete behar dute uda honetan».

Ondarroan herriko presoen argazkiak asteroko mobida ditugu aspalditik. Ertzainek aspaldi hasi zuten herriko presoak kaleetatik eta herriko beste toki publiko batzuetatik desagerrarazteko kanpaina:

-Herriko toki esanguratsuetan jarrita zeuden panel txukun eta koloretsuak kendu eta nonbait gorde (edo ezabatu?) zituzten. Felix Aranbarri PNVko kide eta Udal Gestorako burua bera jakitun ipini eta gero, antza.

-Herriko tabernetan zeuden argazkiak ere ez dituzte albo batera utzi. Hauek ez zituzten ertzainek eurek kendu. Taberna horietara sartu eta argazkiak kentzera behartu zituzten, taberna jabeei Herrizaingo Sailaren agiri bat luzatuz eta sinaraziz.

-Hainbat urtetan herriko presoen etxekoek hauen argazkiak aurrean dituztela Ondarroako kaleetan zehar ostiralero egin izan den eta egun ere egiten den enkarteladarekin ere sartu dira. Enkartelada bera agintariei jakinarazten dien herritarrei presioa eginaz.

Eraso basati honen aurrean ondarroarrok ez gara gelditu burumakur eta besoak tolestuta:

-Herriko presoen etxekoek ezin dituztela enkarteladaren aurrean euren etxekoen argazkiak eraman? Bada, enkarteladan parte hartzen dugun herritar guztiok, bakoitzak eramango dugu herriko presoen argazki bana. Honela, ostiralero, ehun eta berrogeita hamar herriko presoen argazkiek desfilatzen dute herriko kale nagusietan barrena. Sei presoen argazkiak kaleetan desfilatzea ezin dela? Bada, hona hemen ehun eta berrogeita hamar argazki baino gehiago! Oraingoz bakean utzi gaituzte ertzainek.

-Azken urteetan, astelehenetan, astero-astero herritar talde bat bildu ohi da presoen aldeko bi pankarten atzealdean. Ordu laurdeneko egonaldi isila. Elkarretaratze hau ibiltaria da. Astero herriko kale edo auzo ezberdinetan burutzen baita.

Ertzainak presoen argazkiak kentzen hasi zirenean, astelehenetako bilkura amaitu eta berehala toki berean herriko presoen argazkiekin osatutako panelak ipintzen hasi ziren bildutako herritarrak. Hasiera batean panel horiek eseki ere egin ziren kaleetako kale-argi edo beste toki garaietan. Azkenaldi honetan, Euskal Herriko presoekiko elkartasuna aldarrikatzen duen kartela, eta honen alboetan, herriko presoen argazkiak eransten dira horma batean.

Ertzainek ezin jasan, antza, argazki horien presentzia kaleetan. Laster kentzen dituzte. Egun bat edo beste, besterik ez dute irauten.

A zer-nolako ikuskizuna eskaini zuten duela bi hilabete, 2009ko apirilaren 20an, hain zuzen. Arratsalde erdian, Kamiñazpiko parkea ume eta gurasoz beteta zegoela, hara non hurbildu ziren parke hartara euren eskailera eta guzti. Parke inguruko zuhaitz eta faroletan esekitako panelak kentzeari ekin zioten, ume eta nagusien ikusmin eta herritar batzuen protesta artean.

Azkenaldi honetan ertzainek lagunak ere egin dituzte presoen argazkiak kentzeko lan honetarako. Lagunak ez ezik, baita ordezkariak ere. Izan ere, hor ari dira udal langileak, herritarrok presoen argazkiak ipini ahala, euren mangerak hartu eta hormak ur txorrotadaz bustitzen, harik eta presoen argazkien aztarrenak ere desagerrarazi arte. Felix Aranbarri udalburuak agindu zorrotzak eman omen dizkie udal langileei. Herriko kaleetako hormak garbi egon behar omen dira! Udalburu jauna, presoen argazkiak ote dira Ondarroako kaleetako hormak zikintzen edo itsusten dituzten orri edo propaganda bakarrak? Ala ez ote zara zeu ere Herrizaingo Sailaren -azken batean, Madrileko agintarien- morroi bihurtu?

Hona hemen Ondarroako herritar batzuek, presoen argazkiak direla-eta, astero daramaten borrokaren historia eredugarria. Ertzainek edo udal langileek presoen argazkiak kendu, eta herritarrok berriak ipini!

Herritarrok ez daude prest borroka latz honetan amore emateko. Ez dute lortuko presoen oroimena gure kaleetatik desagerraraztea. Ez horixe!

(*) Luken Otxoantesana eta Imanol Oruemazagaz gain, Iñaki Ibarloza eta Errapel Garaldek ere sinatzen dute artikulua, Kamiñazpin bildu diren herritarren izenean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo