GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zaborra ez dutela errauste plantara eramango diote hautetsi independentistek


GARA

Ezker abertzaleko hautetsi gipuzkoarrek euren udalerrietan atez ateko zabor bilketa egiteko bidea itxi ez dezala exijitu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Era berean, euren udalerrietan sortzen diren hondakinak «inposatu nahi duten errauste plantara» ez dituztela eramango ohartarazi zuten atzo Donostian egindako agerraldian.

Datozen asteetan gainera, hondakinak errauste plantara ez eramateko konpromisoa hainbat udaletan mozio bidez onartuko dutela adierazi zuten.

Aldundiaren egoitzaren atarian egin zuten prentsaurrekoa ezker abertzaleko hautetsiek, erakunde horrek zein Donostiako Udalak, «zaborraren negoziotik etekina ateratzeko hartzen dituzten jokabide axolagabeak» salatzeko. Hautetsi independentisten aburuz, Zubietan ezarri nahi duten errauste planta herritarren osasuna «arrisku bizian» jarriko duen azpiegitura da. Errauste planta gainera, hondakinak kudeatzeko dagoen modurik «garestiena» dela ere nabarmendu zuten.

Era berean, Partzuergoaren estatutuak aldatzeko abian jarritako prozeduraren kontra agertu ziren, eta errauste plantaren finantziazioa «blindatzeko», «arauak urratuz udalen autonomia mugatu» nahi dela salatu zuten.

Zaborraren arazoak duen konponbide «natural eta osasuntsuena» atez ateko bilketa dela defendatu, eta gogora ekarri zituzten Usurbilen, martxan jarri zenetik, egindako aurrerapenak. Bertan, gaikako bilketaren portzentajea %28tik %81era handitu dela nabarmendu zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak mankomunitateak eta udalak eskumenez hustu, eta hondakinen kudeaketa osoa «kontrolpean izan» nahi duela salatu zuten; «ondoren udalerri guztiei errauste planta inposatzeko», kritikatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo