GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Garoņaren baimena luzatzeko informazioa eskatu dio Gobernu espainolak CSNri

Segurtasun Nuklearrerako Kontseilu Orokorrak (CSN) Garoña 10 urtez luzatzearen aldeko txostena aurkeztu ostean, Gobernu espainolak informazio gehiago galdegin dio. Astelehenean bilduko da berriz CSN.

GARA |

Segurtasun Nuklearrerako Kontseilu Orokorrak (CSN) Garoñako zentrala hamar urte gehiago irekita mantentzearen aldeko txostena igorri zion Gobernu espainolari eta horren ondotik, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak informazio gehiago galdegin dio orain. Zehazki, Garoñako zentralaren funtzionamendua bi, lau edota sei urtez luzatzeari begira zein neurri hartu beharko liratekeen zehazteko da Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak CSNri eskatzen diona.

Astelehenean bertan bilduko da berriz Segurtasun Nuklearrerako Kontseilu Orokorra eta bertan Garoñako Zentralaren funtzionamendua luzatzeaz mintzatuko dira. Egingo dituzten txostenak azkar igorriko dituztela ere esan dute; izan ere, Gobernu espainolak uztailaren 5a baino lehen erabaki behar du zentral nuklearraren jarduera beste hamar urtez luzatuko duen ala itxi egingo duen.

Bien bitartean atzo, Gobernu espainoleko presidenteordea den Maria Teresa Fernandez de la Vegak, Garoñaren inguruko erabakia «segurtasun eta bideragarritasun irizpideak eta hauteskundeetako konpromisoak» aintzat hartuta hartuko dutela berretsi zuen komunikabideen aurrean.

Estatu espainoleko segurtasun nuklearraren Kontseilu hori Garoñako ustiapen baimena luzatzearen alde agertu zen ekaina hasieran. Hamar urteko luzapena onargarritzat zuen txosten horrek, Garoñari baldintza zehatz batzuk ezartzen zizkion arren. Baldintza horien artean, hondakin erradioaktiboak eta erabilitako erregaia gordetzeko dagoen azpiegitura handitu beharra, hondakin erradioaktiboko bidoiak uzteko egun erabiltzen den putzuak gainezka egingo baitu 2015ean. Gas erradioaktiboa tratatzeko sisteman berrikuntzak egin, eta kontrol barren barneratzea ere hobetu beharko lituzke Garoñak funtzionamenduan jarraitzeko.

1970ean sortu zuten Nuclenor enpresak kudeatzen duen Garoña eta zentral nuklear hau 40 urteko iraupena gainditzen duen Estatu espainoleko lehen zentral nuklearra izan liteke.

Mobilizazio andana egin dira Garoña ixtearen alde, ostegunean, ordea, haren itxieraren kontrako mobilizazioa ere izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo