GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Hatortxu rock Lakuntzan

Anplifikadoreetatik elkartasun melodiak entzun daitezke Lakuntzan

Koldo OTAMENDI

Hatortxu Rock jaialdiaren 10. edizioa abian da jada. Anplifikadoreak piztu dira eta bolumena topera igota duten gitarren melodiak nagusitu dira Lakuntzan. Harresien kontrako musika ekintzak milaka zaletu batu ditu herri txikian, eta hiru egunez elkartasun hiriburu bilakatuko da Sakana. Kortatu, RIP, edo Piperrak izena daramaten kamiseta beltzak, amnistia eta askatasuna aldarrikatzen duten elastikoen artean nahasten dira, gandor gisa ileak tente eta izar gorridun sudadera daramaten gazteen alboan, musika eta aldarrikapen koktelera koloretsua osatuz. Elektrotxarangak kalez kale giroa berotzen jardun eta gero, bi gune nagusietan musikak hartu zuen protagonismoa atzo arratsean. Banda Batxoki txantrearren gerrilla punkak hasi zuen Utsaia guneko egitaraua eta Reincidentes andaluziarrekin eman zituen lehen pausoak Beriain guneko karpa estaliak. Reincidentes taldeak, lehendabiziko aldiz zela Hatortxun, ohiko kantu zerrenda eskaini zuen. «Ay Dolores», «Vicio» edo "Resistencia» kantuak izan ziren txalotuenak. Gauak luze jo behar zuen, eta Ekon, RIP, Banda Bassotti edo Des-kontrolen emanaldiak iragartzen zituen kontzertu afitxak. Goizaldeko ordu txikietan isildu ziren azken akordeak, egunsentia noiz iritsiko zain. Hala ere, musikak ez du etenik Lakuntzan. Gaur, arratsaldeko lehen orduan hasiko dira emanaldiak. Laurak aldera Orkestraren kalejira elektrikoak animatuko ditu Hatortxura inguraturikoak, RRV garaiko kantutegi zabaletik tiraka. Iluntzear dagoenean berriz, Piperrak igoko dira taula gainera. 2007ko Hatortxu jaialdian aritu ziren eta bertan eskainitako kontzertuaren maila erdiesten badute, mundiala izango da. Piperrak eta gero, 1980ko hamarkadako beste historiko batzuk hartuko dituzte taulak. Parabellum, kantu azkar eta kaletarrekin tirokatuko dutela ikusleria, ordu berean MAK lapurtarrek hip-hop errima eta erritmoekin nahastuko dituzten bitartean. Governors laukoaren emanaldia ere berezia izango da, izan ere, Hatortxu Rockerako espresuki eginiko «Kristal kolpatuak» kantua joko dute lehenengoz jendeaurrean. Arrasateko taldeak, kontzertu honetarako gorde nahi izan du kantuaren estreinaldia. Herrigunean berriz, metal erasoa izango da nafar talde gazteekin. Arima Sutan, Akatu eta Khous hirukoek, egun Nafarroako entsegu lokaletan sortzen dituzten melodiak oholtza gainetik jarriko dituzte entzungai. Gaur, hasiberriak eta promesa diren musika proposamenak, biharko egunean errealitate eta erreferentzia bilakatuko direlako. Horren lekuko, aipa litezke Berri Txarrak edota Lendakaris Muertos taldeen emanaldiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo