GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Donibane Lohizuneko jaietan «euskal besta» suspertzen, Begiraleak elkartearen lanari esker

p024_f02_45228.jpg

A.BUTRON |

Gorria eta beltza izango dira Donibane Lohizuneko karriketan asteburuan nagusituko diren koloreak. Jaiak, berez, ostegunean abiatu ziren, Begiraleak kultur elkarteak urtero antolatzen duen kale desfilearekin. Halere, besten ekitaldi nagusiak gaur eta bihar izango dira. Atzo arratsean, Peyoco Duhart herriko auzapezak, Louis XIV.a plaza nagusian urteroko hasiera ofiziala egin zuen, banda, danborrada eta haurren abesbatzaren doinu eta abestiak lagun zituela.

Gaurko egunean zehar aldizkatuz joango dira Turismo Bulegoak eta Begiraleak elkarteak antolatutako ekitaldi eta animazioak. Xabi Soubelet Begiraleak elkarteko arduradunak argitu zuen: «Herriari erakutsi nahi diogu Euskal Herrian gaudela, eta euskal kultura eta giroa jaien egitarauan izatea garrantzitsua dela».

Joan den osteguneko lehenengo agerraldiarekin, Begiraleak emana du bigarren hitzordu nagusia gaurko, goizeko hamaika eta erditatik goiti. Herritar orori irekiriko herri konpartsa egingo dute, arratsaldeko ordu biak bitartean. Eta Patxi Perezekin, euskal dantzei lotzeko aukera izango dute herritarrek ere. Ondotik, urteroko herri bazkaria izango da, eta hitzordu horretan ere dantza eta kantua nagusituko dira. Arratseko hamarretatik goiti, berriz, dantza giroak jarraituko du, herriko plazan jarriko den suaren inguruan betiere dantzan aritzeko aukera izango baita. Salsa Berde eta Aistrika taldeek eskainiko dituzten emanaldiek karrikak alaituko dituzte gauak aurrera egin ahala. Bihar, igandean, goizean goiz, traineru txapelketa eta txistu eta danborradaren desfileekin abiatuko da besta eguna.

Herritar guztiak, goizeko hamar eta erditan, mezaren ondotik elizaren aitzinean izango diren ekitaldietara gomitatuak dira. Ezpata dantza, eta Bizkaian egiten den aurresku dantzak izango dira ikusgai. «Oso aurresku ikusgarria izango da, bertan hogeita hamasei dantzari elkartuko baitira», argitu zuen Soubeletek. Ondotik, mutxikoak eginen dira, eta, urtero bezala, Betti Beteluren omenaldia gauzatuko dute. «Begiraleak taldearentzat, berak zituen berpiztu Lapurdiko dantzak. Urtero, herriko jaiak baliatzen ditugu omenaldia egiteko», nabarmendu zuen Begiraleak elkarteko arduradunak.

Begiraleak kultur elkarteak antolatzen dituen ekimenekin bukatzeko, arratsaldeko lauretan, Donibane Kantuz kantu herrikoien emanaldia egingo dute, Kuskustu txarangak alaiturik. Horiez gain, Beach Volley txapelketa, Gaztetxeak antolaturiko fandango lehiaketa, haurren animazioak, donibandarren bazkaria, eta, pilota partidak izango dira egunean zehar.

San Juan eguna

Herriko jaiak ez dira, halere, Begiraleak elkartearentzat horretan geratuko. «Donibane Lohizuneko jaiak San Juan egunean egin beharko genituzke. Ohitura galdu da», esan zuen Soubeletek. Herriko jaiak San Juanekin lotu nahian, astearte gauean, Garat karrikan, ordu erdi batez, suen gainetik salto egin ahalko da, «zorte txarra» uxatzeko. «Hori da gure aurtengo berrikuntza. Ondoko urtean ere, bertso poteoa egin nahiko genuke. Bertsoak jaietan barnatzeko», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo