EUSKALTEL-EUSKADI
Koldo da Galdeanoren zalantza bakarra
GARA | DERIO
Bi aste besterik ez dira falta Tourra hasteko eta taldeak azken xehetasunak prestatzen ari dira.
Horretan dabil Euskaltel- Euskadi ere. Derion bildu ziren hainbat txirrindulari atzo, taldekako lan-saioa egiteko, eta hitzordua baliatu zuten Estatu frantseseko errepideetan zer gerta daitekeen aurreratzeko.
Baita, laranjen kasuan, zeintzuk izango diren, zehazki, lasterketari ekingo diotenak ere. Erabakita dago ia talde osoa zein izango den, baina azken lekua betetzeko dago oraindik, Koldo Fernandez de Larrearekin zalantzan baitago Igor Gonzalez de Galdeano. Mikel Astarlozak, Igor Antonek, Egoi Martinezek, Gorka Verdugok, Alan Perezek, Ruben Perezek eta Amets Txurrukak badakite uztailaren 4an Montecarlon egongo direla. Esprinterrak, berriz, Suitzako Itzulia amaitu arte itxaron beharko du, «ondo eta konbentzituta egon behar delako -azaldu zuen Galdeanok-. Hala ez bada, akatsa izango litzateke eramatea, Tourrak ez baitu barkatzen. Orain dela hilabete eta erdi argi geneukan joango zela, baina Suitzan ez denez oso ondo sentitu, itxaron beharko dugu». Larrea taldetik kanpo geratzen bada, Iñigo Landaluzek edo Iñaki Isasik hartuko dute haren lekua.
Galdeanok, bestalde, taldeak «garaipen bat» bilatuko duela iragarri zuen, eta «baikor» agertu zen ildo horretan, hil hauetan sari asko jaso ez dituzten arren.
Miguel Madariagak, bere aldetik, taldea ondo aritzea espero du. Gainera, itxaropentsu agertu zen liderren jokaerari dagokionez, Astarloza edota Egoi Martinezen esperientzia ikusita. Baita Igor Antonen kasuan ere. «Emateko asko dauka, baina bere buruan konfiantza izan behar du», esan zuen.