GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Argi berdea euskarari

Semaforoek euskaraz ez dakitelakoan? Zur eta lur, Tolosaldeko herritar andana

Semaforoek ba al dakite euskaraz? Eta gaztelaniaz? Edota autoeskolen kanpaina bat da? Ala euskaldundu al daitezke, bada, semaforoak? Akaso trafiko seinaleak euskara hutsean jarriz? Makina bat galdera eta buruhauste eragin dute azken asteotan Tolosaldeko herrietan semaforo guztietan itsatsita topatu dituzten kartelek: «Semaforoak euskaraz».

p022_f02_98112.jpg

Gari MUJIKA

«Ikusi al dituk herriko sarrerako semaforoetan jarri dizkiaten kartelak?». Kafea hartzeko orduan edo iluntzeko txikiteoan, herriko tabernetan beste gairik ez da izan azken egunotan. Bai Tolosan, Ikaztegietan, Zizurkilen, Villabonan eta bai Tolosaldeko gainontzeko herrietan ere bolo-bolo aritu baita azken asteotan, ea zer demontre esan nahi zuten semaforo guztietan itsatsirik zeuden kartel horiek.

«Semaforoak euskaraz». Hori baino ez zuten jartzen kartelek, baina guztiak ere semaforoetan jarrita egon dira. Hala, hipotesi ugari zabaldu dira Tolosaldeko kaleetan asteotan. Eztabaidaren tamaina ikusita, Tolosako Galtzaundi aldizkariak ere orrialde oso bat eskaini zion albisteari; nahiz eta benetako erantzuna, ekimenaren arrazoia, jakin ez.

Koloreekin jokatuz

Kartelok sinaturik ez egoteak, gainera, herritarrak galdezka nora edo norengana joan zaildu du. Hala, egon da Europako Legebiltzarrerako hauteskundeekin zerikusia topatu dionik ere. Baina inortxok ere ez du asmatu kartel horien benetako arrazoia.

Helburua soberan lortu badute ere, Tolosaldeko herritarren atentzioa lehen unetik erraz eskuratu baitute kartelok, esanahia, azken unera arte ixilpean gorde dute. Atzora arte.

Ekimena Tolosaldeko euskaltzale talde batek bultzatu du eta kartelak, «moskeo» kanpaina baten parte izan dira. Eta dena lortu dute, bai jendearen atentzioa eta bai eurak «moskeatzea» ere. Eta zertarako egin duten? Bada, Tolosaldean euskaraz arduraturik aurkitzen diren eta euskaltzale direnak elkartzeko xedez eratu duten blog baten berri emateko.

Izena ere aproposa eman diote tresna digitalari: «Tolosaldeko euskararen semaforoa». Horra hor ditxosozko semaforoen zentzua. Baina bada besterik ere.

Blogaren bultzatzaileek Tolosaldean euskararen gainean dauden albisteak, hausnarketak, kezkak, ardurak, kanpainak eta orotarikoak bildu nahi dituzte sortu berri duten erreminta horretan, baita berau euskaltzaleen topaleku bilakatzea ere. Euskararen normalizazioari bidea irekitzeko ere probestu nahi dute tresna elektroniko berria.

Baina semaforoaren irudiaz baliatzeak badu, blogean bertan, arrazoi zuzen bat, argitaratutako albisteak hiru mailatan sailkatuko baitituzte: euskararentzat mesedegarriak direnak argi berdea eramango dute; kaltegarriak badira, gorria; eta kontuz ibiltzekoak badira, laranja.

Guztia euskararensemaforoa.blogspot.com helbidean topatu ahal izango da, baina herritarrek badute beste lan bat ere: eman argi berdea euskarari!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo